ALBISTEAK

Pertsonak erdigunean jartzearen alde agertu dira EH Bilduko kideak Bergaran

Mirari Altube Arrese 2019ko mai. 11a, 18:43

Gorka Artola alkategaiak, zerrendako kideen babespean, bergararrak erdigunean jarri eta horiek Udal politiken helburu bihurtzearen alde egin du. Juan Karlos Izagirre diputatugaiak, ildo beretik, politika fiskal eta sozial berriak iragarri ditu; eta Madrilen diputatu izango den Mertxe Aizpuruak EH Bilduren indarra aldarrikatu du.

Apirilaren 28ko emaitzek ilusioa berreskuratzeko eta EH Bilduk duen indarra erakusteko balio izan zutela adierazi du Mertxe Aizpuruak gaur eguerdian Bergaran egindako ekitaldian, eta orain, maiatzaren 26ko hauteskundeetan "jokaldia errematatu" egin behar dela gaineratu du. Datorren astean, akreditazioak jasotzera joango direla Madrilera jakinarazi du, eta Madrilera begira jarrita hainbat bergarar izan ditu gogoan: Telesforo Monzon, "herriaren independentzia aldarrikatu zuena Madrileko kongresuan";  Jose Luis Elkoro "beste diputatu abertzale batzuekin batera Madrilera joan zena besapean bake eskaintza bat zutela"; eta, Maite Aristegi "euskal herritarren eskubideak ederki defendatu zituena". Han jardungo duela lanean berak ere autodeterminazio eskubidea, eskubide politiko eta sozialak gauzatzeko eta preso politikoak, deportatuak eta errefuxiatuak etxera ekartzeko adierazi du. 

Herriko eta Foru Aldundirako hauteskundeek garrantzi berezia izan arren Europakoak ez direla ahaztu behar esan du: "Euskal Herriko ezker independentistaren proiektuaren berri emateko, emakumeen eta herritarren eskubide sozialak aldarrikatzeko eta beste aktore ezkertiar batzuekin bestelako Europaren alde borrokatzeko".

Politika fiskal eta sozial berriak

Juan Karlos Izagirre diputatugaia gogotsu, indartsu eta ilusio handiarekin agertu da. EH Bilduk duen proiektua "onuragarria" dela gipuzkoar guztiendako adierazi du eta "aukera errealak" dituztela hauteskundeak irabazteko eta herritarren ongizatea hobetzeko. "EH Bilduk frogatu du herritarrak zaintzeko egiten duela politika". Horretarako dituztela pertsona prestatuak, erakundeetan zein kanpoan esperientziadunak, konpromiso handiarekin eta talentu eta gaitasuna sobera dutenak esan du. Eta politika egiteko moduaren garrantzia aipatu du: "Zintzotasunetik, gertutasunetik eta gardentasunetik, jakinik politika behetik gora egiten dela, herritarrekin hitz eginda".

EH Bilduren proiektuak landuko dituen hainbat puntu aipatu gura izan ditu Izagirrek: politika fiskal berria, aberastasuna hobeto banatzeko eta politika sozialak, pertsonak erdigunean jarrita. Ekonomiari dagokionez lehen sektorerako politika berriak, egoera larrian dagoelako; bigarren sektorean lan berezia enpresa ertain eta txikiekin; eta hirugarren sektorean, bertako komertzioaren aldeko apustua. "Benetako berdintasunaren" aldeko apustuaren alde ere agertu da, baita erakundeetatik ere, mugimendu feministarekin bat eginda; eta ingurumenari eta osasunari ere "arreta berezia" jarrita.

Bergarako herritarrak erdigunean

Gorka Artola alkategaiak adierazi du ohorea dela EH Bilduren Bergarako alkategaia izatea, eta elkartutako taldea balioan jarri du: " Sekulako taldea daukagu jende prestatua eta prestua, inplikazioa, konpromisoa eta jakintza duena, ilusioa piztuko duena eta eraginkorra izango dena". 

Herrian dituzte behar batzuk identifikatu ostean zehaztu dutela programa esan du, besteak beste aipatu ditu liburutegi baten beharra, hirugarren adinekoen arloa indartzea, aisialdi guneen beharra, gazteekin lanketa egitea eta auzoetara zabaltzea. "Baina batez ere pertsona jarri gura dugu erdigunean eta Udal politiken helburu bihurtu. Guztiondako bizitza duinak nahi ditugulako eta helburu nagusiena herritarren ongizatean sakontzea delako". Eta zelako ezaugarriak gura dituen Bergararako aipatu ditu: feminista, anitza, solidarioa, gaztea eta jasangarria. Hala, maiatzaren 26an inor ez geratzeko etxean eskatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak