'Harian' egitasmoaren azken emanaldietako bat

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko mai. 9a, 15:18

Bira amaitu aurretik, Eñaut Elorrietak eta Kaabestri String Ensemble hari boskoteak Seminarixoan eskainiko dute kontzertua, etzi, zapatua, 19:00etan; sarrerak zortzi eurotan eros daitezke zapatuan leihatilan, eta aurrez, Ticket.kutxabank.es atarian, eta gaur, eguena, Seminarixoko leihatilan 18:00etatik 20:00etara. Eñaut Elorrieta musikaria Arrasate Irratiko Igo Autobusera! saiora gonbidatu dute gaur; hemen elkarrizketa entzungai.

2018ko urrian Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zuten, eta, harrezkero, hamazortzi emanaldi egin dituzte. Oñatin egin zuten bigarrena, iaz azaroan, Santa Ana antzoki betean; bost kontzertu geratzen zaizkie bira amaitzeko eta horietako bat da zapatuan Seminarixoan egingo dutena.

"Sekulako esperientzia"

Giro elektrikoan urteetan ibilita, beste estilo edo eremu batzuetan probatzeko gogoa zuela dio Eñaut Elorrieta musikariak: "Beti eman didate atentzioa hari boskoteek, iruditzen zait sekulako ahalmena dutela gauza oso sotiletik gauza oso indartsuetara pasatzeko, eta hori iruditu zitzaidan formatu berrirako aukera aproposena. Ikaste prozesu aberatsa izan da, eta jendearen babesa ere itzela".

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariak dira Kaabestri String Ensemble boskotea osatzen dutenak: Oskar Lopez eta Igor Torre, biolinarekin; Arkaitz Martinez, biolarekin; txeloan, Jon Larraz eta Paloma Torrado kanariarra, kontrabaxuan. "Talka eraikitzaile bat bilatzen nuen, nire kantaera herrikoiaren eta musika klasikoaren artean".

Zuzenekoetarako sortua

Hasieratik erabaki zuten ez zutela diskorik grabatuko: "Osagai bisualek indar handia daukate, eta horregatik, zuzenekoetara begira sortu genuen Harian. Egia da, ezagutzera emateko lau kantu grabatu genituela, sarean daudenak entzungai, eta orain, hainbat kontzertu grabatzen ari gara, horiek ere, sare sozialetan zabaltzeko asmoz".

Ibilbidearen gainbegiratua

Zapatuko kontzertuari dagokionez, bere ibilbidearen argazki eguneratu bat izango dela gaineratu du: "Proiekturako sortutako kantuez gainera, Deserriko kantak nire laneko hainbat eta Ken Zazpirentzako konposatutako beste batzuk eskainiko ditugu".

Kantu berriak sortzen

Harian-en bidea bukatutakoan bigarren bakarkako lanari helduko diola dio: "Ari naiz konposatzen, datorren urterako lan berria ateratzeko asmoa dut".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak