Udako aisialdi eskaintza anitza aurkeztu dute Bergaran

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko api. 29a, 18:05

Haur eta nerabeek aukera zabala izango dute uda honetan ere, izan ere, askotariko jarduerak antolatu dituzte, hauek zehazki: udaleku irekiak, kanpamentu teknologikoak, udako kirol eskaintza berezia, kirol campusa, astronomia jardunaldia, uretako indusketa arkeologikoa, paleontologia tailerra eta bibliopiszina.

Bergarako udako aisialdi eskaintzan, urtez urte, geroz eta haur eta nerabe "gehiagok" hartzen dute parte, Kultura zinegotzi Maite Agirreren esanetan, eta aurtengo ere eskaintza anitza aurkeztu dute: “Aurtengoa laugarren urtea da eskaintza bateratu bat eskaintzen dugula gure umeendako. Ulertzen dugu bai kontziliazio familiarrarendako eta baita umeen aisialdirako ere udalak bere erantzukizuna daukala eta eskaintza zabal bat prestatu dugu aurtengo udararako ere”.

Udaleku irekiak

Udaleku irekiei dagokienez, kontziliaziorako "ezinbesteko baliabide" bihurtu direla azaldu du Gazteria zinegotzi Izaskun Labaienek, argudiatuz azken bi urteetan 500 umetik gorak parte hartu dutela horietan, eta hauxe gaineratu du: “Umeak elkarrekin egoteko, umeen arteko harremanak sendotzeko eta ondo pasatzeko balio dute udalekuek, eta gainera, euskal giroan. Beraz, hori ere positiboa da”.

Uztailaren 1etik 26ra bitartean egingo dira goizez eta Angiozar eta Osintxu auzoetan ere eskainiko dituzte udaleku irekiak.

Kirol kanpaina

3 eta 18 urte bitartekoei eskainiko diete jarduerak kirol kanpainan. Hain justu ere, kirol campusa da aurtengo berritasun nagusiena Kiroletako teknikari Iñaki Ugartebururen esanetan: “9, 10, 11 urteko umeendako kirol campusak izango ditugu, hori da nobedade nagusia. Uztailaren 1etik 19ra bitartean haurrek edukiko dute aukera egunero kirol desberdin bat praktikatzeko, herrian bertan egin daitezkeen kirolak eskainiko ditugu”.

Horrez gain, askotariko kirol eskaintza berezia ere izango dute 3 eta 11 urte bitartekoek, beste urte batzuetan bezala, nahiz eta igeriketa izaten den arrakastatsuena, Ugartebururen esanetan.

Kirol txapelketak ere izango dira frontenis eta padelean, eta 11-18 urte arteko gazteendako ohiko jarduerez gain, akuafit eta aerofita ere eskainiko dituzte estreinakoz. Liburutegia igerilekura ere eramango dute bibliopiszinaren bitartez.

Laboratoriumen ere bai

Laboratorium museoko eskaintzari dagokionez, berriz, azken urteetan bezala, kanpamendu teknologikoak egingo dituzte 9 urtetik gorakoendako, uztailaren 8tik 12ra. Halaxe azaldu du museoko arduradun Rosa Errazkinek: “Aurten ere keinu bat egingo diogu batez ere neskei zuzendutako ikastaro bati; robot batzuk eraiki ahal izango dituzte, zeinetan emozioak landuko dituzten”.

Bigarren urtez, astromonia jardunaldiak ere egingo dituzte; goizean umeek tailerra izango dute, eta gauean, gurasoekin behaketa. Laugarren urtez, uretako indusketa arkeologikoa ere eskainiko dute uztailaren 11n eta paleontologia tailerra ere gehitu dute aurtengorako.

Izen-ematea

Astelehenean zabaldu zen izena emateko epea eta interesa dutenek izena eman ahal izango dute udal webguneko udalekuen atalean, BAZen, udal liburutegian, Laboratorium museoan edota Agorrosinen.

Aurrekontua

Udaleku irekien gastuen aurreikuspena 91.000 eurotakoa da, Laboratoriumeko eskaintzarena 12.000 eurotakoa, eta kiroletakoa, izen-ematearen arabera aldatu egingo denez, ez dute zifra zehatzik eman momentuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak