Espainiako telebista kateetako debateen inguruan galdetuta, Otegik uste du argi geratu dela Espainiako eskumarentzat etsai nagusia ezkerreko independentismoa dela: "Ez dute Euskal Herria aintzat hartzen. Bigarrenik, ezberdintasun handiak badituzte ere beste gauza batzuetan, laurek [Casado, Iglesias, Sanchez eta Rivera] defendatu dute Espainiako Konstituzioa eta guk uste dugu konstituziotik eratortzen direla Euskal Herriarentzat arazo asko. Hirugarren ondorioa oso garbia da; nire izena eta EH Bildurena erabili dute etengabean eta horrek esan gura du taula politikoaren erdigunean gaudela eta beraz, haiei kalte handia egiten dien aukera bat garela. Gu gara haien etsaiak eta hori bakarrik arrazoi nahikoa izan beharko litzateke EH Bildu bozkatzeko. Ez gaituzte nahi senatuan eta kongresuan, baina bertan egongo gara jendeak bozkatu egingo gaituelako".
Elkororekin eta Aristegirekin
Jose Luis Elkoro eta Maite Aristegi bergararrekin heldu zen Otegi Olaso dorrera. Elkorok hasi zuen ekitaldia, Telesforo Monzonen sortetxea izan zela eta eraikinak euskal abertzaletasunarekin duen harreman berezia gogora ekarrita.
Gero, Aristegiren galderak erantzun zituen Otegik eta adierazi zuen, besteak beste, domeka honetan ezkerreko independentismoak milioi bat boto baino gehiago jasoko dituela. "Milioi bat boto baino gehiago jasoko ditugu. Zertarako? Ahal dugun heinean eskuma gelditzeko, autodeterminazioa, presoen askatasuna eta errepublikak defendatzeko; eta, azkenik, politika sozial aurrerakoiak defendatzeko".
Amaiur koalizioaren garaia gogoratzen
Ezker abertzaleak Espainiako Gorteetan historikoki izan duen harreman gorabeheratsuaren ostean, eragile aktiboa izatea erabaki du aurrerantzean eta dinamika horren lekuko izan zen Maite Aristegi 2011tik 2015erako agintaldian, Amaiur koalizioarekin. Garai hartakoak gogora ekarri zituen Aristegik: "Lurreratze behartu bat izan zen. Ezker abertzalea aspaldi zegoen Espainiako Gorteetara joan barik eta freno indartsu bat izan genuen hasieratik. Kontuan izan behar da PPk gehiengo absolutua zuela orduan eta oso zaila zela han zerbait lortzea. Uste dut beste gizarte eredu baten aldeko pausoak eman zirela gu moduan pentsatzen dutenekin batera; gure erabakitzeko eskubidea, gure presoen egoera... aldarrikatzeko balio izan zuen, oso testuinguru zail baten".