Doako wifi librea martxan Bergarako zortzi puntutan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko api. 11a, 18:12

Angiozarren, Osintxun, udaletxeko Bergararren Arreta Zerbitzuan, Agorrosinen, Labegaraietan, Fraiskozurin, Oxirondon eta Boluko frontoian jarri ditu Udalak Internetera doan eta "modu pribatuan eta seguruan" konektatzeko puntuak.

Herriko zortzi puntutan jarri du Udalak doako wifi librea: Osintxun, Angiozarren, udaletxeko Bergararren Arreta Zerbitzuan, Agorrosinen, Labegaraietan, Fraiskozurin, Oxirondo azokan eta Boluko frontoian. Landa-auzoetara ere zabaldu gura zuen Gobernuak ekimena eta Angiozar eta Osintxu aukeratu ditu, biztanle gehien dituen auzoak direlako. Zortzi puntutan abiatu dute ekimena, baina herritarren artean harrera ona izaten badu puntu gehiagotara zabaltzeko asmoa du Gobernuak.

450 euroko kostua hileko

Lehiaketa publikoa Euskaltel enpresak irabazi zuen eta bi urteko kontratu sinatu du Udalarekin –luzatu egin daiteke–; bi urte hauetan Udalak 450,23 euro ordainduko dizkio hilero Euskalteli –BEZa barne–. Wifira konektatzeko modua "oso erraza" da, eta mugikorrean edozein telefonia konpainiarekin funtzionatzen du, Sustapenerako zinegotzi Sabino Azkaratek argitu duenez.

Zer egin behar den konektatzeko? Bada, wifi plaka dagoen zortzi puntu horietako baten inguruan mugikorreko wifia aktibatu, udaletxearen argazkia duen webgunean posta elektronikoaren helbidea eta izena jarri, eta baldintzak onartu. "Argi laga gura dut Udalak ez duela sarbiderik izango konexio indibidualetarako, eta, beraz, pribatutasuna erabat bermatu dagoela. Trafiko fluxuak zenbatekoak diren jakiteko aukera izango dugu, herritarren artean nolako harrera izaten ari den neurtu gura dugulako, baina konexio indibidualak erabat pribatuak eta seguruak izango dira. Konfiantza osoz erabili ahalko da", gaineratu du zinegotzi jeltzaleak.

Kohesiorako "oso garrantzitsua"

Elena Lete alkatearen ustez, ekimen "oso garrantzitsua" da lurraldearen kohesiorako: "Konpromisoa hartu genuen doako wifi librea jartzeko, ulertzen genuelako lurralde kohesiorako oso garrantzitsua dela. Gaur egun, ezinbestekoa da sareko beharrei teknologikoki erantzun bat ematea, eta horregatik abiatu genuen bide hau".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak