Uberako plaza berritzeko lanak Aste Santurako amaituko dituzte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko api. 3a, 11:59

Uberako plaza berritu eta espazio irekiari lehentasuna emateko obrak hurrengo bi asteetan amaitzea aurreikusten du Bergarako Udalak; azken urteetan aparkaleku erabilera izan duen plazak garai bateko topaleku izatea gura du berriro, Iñigo Barruso auzo alkatearen arabera.

Urtarrilaren 27an San Paulo jaiak bukatu eta egun gutxira hasi ziren Uberako plaza berriro urbanizatzeko lanak. Udal Gobernuko ordezkariak martitzen iluntzean egon ziren Uberan, obrei jarraipena bertatik bertara egiteko, eta jakinarazi zuten Aste Santuko oporren aurretik obra amaituta egotea aurreikusten dutela. "Espero dugu lanak hurrengo bi asteetan amaitzea; hasieran atzerapen txiki bat izan genuen, baina obra arazo handirik gabe eta epe barruan joan da", adierazi du obra eta zerbitzuetako zinegotzi Lander Arregik.

Lehentasuna plaza irekiari

Plaza berritu dute eta beste era batera antolatu dute; ibilgailuen zirkulazioa bideratu dute eta plaza irekiari eman diote lehentasuna. Hala ere, bestelako lan batzuk ere egin dira: autobus geltokia eta edukiontzien gunea tokiz aldatu dira; errepidearen bestaldeko etxeen sarbideak indartu dira; umeendako jolas parkea berritu egin da eta leku berean mantendu –auzotarren artean eztabaida egon zen umeendako jolas tokia elkartearen atarian jarri behar zen edo orain arte egon den lekuan mantentzea zen egokiena, eta leku berean uztea izan da azkenean hartu duten erabakia–; eta frontoirako eta elkarterako irisgarritasuna bermatu egin dira.

Proiektua Biark arkitektura enpresak idatzi zuen eta lanak Sasoi eraikuntzak enpresari adjudikatu zizkion Udalak, 204.872 eurotan. Lau hilabeteko iraupena aurreikusi zitzaion obrari eta, esandako moduan, epe barruan doaz.

Auzo alkatea, "pozik"

50 etxetan banatuta, 150 bat auzotar ditu gaur egun Uberak. Auzoko alkate Iñigo Barrusok gogoratzen du orain eraberritu den plaza auzolanean egin zela aspaldi: "Plaza inguruan hiru erreka elkartzen ziren lehen, eta lautada bat sortu zen. Egin zenean bazuen erabilera, orduan askoz auto gutxiago egoten zirelako. Baina urteekin oso deserosoa bihurtu zen plaza; auzotarrondako ez zen egoteko leku bat, aparkaleku soil bat baizik".

Emaitzarekin gustura dago Barruso: "Pozik gaude, gure plazak lehen ez zuelako inongo praktikotasunik. Biltzeko lekurik ez badugu auzotarrak baserritik Bergarara jaitsiko dira zuzenean eta han egingo dute bizimodu guztia. Auzo txikietan biltzeko lekuak izatea garrantzitsua da; hemen tabernarik ez dago, elizara jende asko ez da joaten eta geratzen zaigun bakarra elkartea, frontoia eta plaza bera dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak