Apirilean Musika ekimenaren barruan kokatu beharreko kontzertua da, eta Txurrukak berak azaldu du nolakoa izango den: "Bandako instrumentu ezberdinak aurkeztuko ditugu, eta ahalegin berezi bat egingo dugu hain ezagunak ez direnekin, beraien ezaugarriak eta funtzioak azaltzen. Horretarako, ume eta gaztetxoentzat ezagunak izango diren abesti batzuen moldaketak ere prestatu ditugu".
Honako hau izango da egitaraua:
- Panpoxa …………………………………………………………………….………………….. X. Zabala (Mold: E. Txurruka)
- Elkartasuna ………………………………………………………….…………………… P. Reparaz (Mold: E. Txurruka)
- Lis Scoubo (Suite Provençale-aren 4.mugimendua) ………….. J. V. der Roost
- Procession of the Sorcerers …………………………………………………… R. Buckley
- Ahoa bizi, belarriak prest ………………………………………... I. Urbieta / X. Zabala (Mold: E. Txurruka)
Beste ekitaldi batzuk
Horrez gain beste hainbat ekitaldi daude asteburuan Apirilean Musika ekimenaren barruan.
Apirilaren 5ean, esaterako, tailerrak, zein emanaldiak izango dira. Haize metal instrumentuen ezagutzan eta mantenuan sakontzeko saioa eskainiko du Francisco Camachok (17:00, musika eskolan). Metalezko instrumentuak jotzen dituztenei bideratutako tailerra izango da, tronpeta, tronpa, bonbardinoa, tronboia edo tuba jo eta instrumentua nola zaindu eta konpondu jakiteko.
Beatbox tailerra ere eskainiko du Boris Bringas beatboxer bizkaitarrak (2018ean Euskal Herriko beatbox txapelketaren irabazlea), 10 urtetik gorakoei gaztetxoendako (16:00etan eta 17:30ean, musika eskolan). Ahoa, ezpainak, mingaina, sudurra, ahotsa erabiltzen dituzte beatboxerrek erritmoak sortzeko eta instrumentu ezberdinen soinuak imitatzeko.
Era berean, musika eta mugimendu tailerreko ikasleek, gitarra taldeak lagunduta, antzeztuko dute Josu Elberdinen Jostailugilea lana (18:00, Zabalotegin). Eta kantu ikasleen emanaldia ere izango da Seminarixoan (19:00).
Gitarra taldeen topaketa zapatuan
Zapatuan, apirilaren 6an, ostera, Suzuki metodoarekin ikasten diharduten ikasleen emanaldia izango da (11:30, Seminarixoan).
Musikoterapiarekiko gertutasuna hitzaldia eskainiko du Maite Vicuñak (12:30, musika eskolan). Musikoterapia non aplikatzen den eta horren gaineko prozesuaren berri emango du abeslaria, abesbatza zuzendaria eta musikoterapeuta den Vicuñak.
Gitarra taldeen topaketa ere egingo dute (18:00, Seminarixoan). Hondarribi, Orio, Doneztebe, Lesaka, Tolosa eta Bergarako gitarra taldeen emanaldiak izango dira.