Agintaldia bukatzear dagoela aprobetxatu du EH Bilduk Udalaren azken lau urteetako jarduna baloratzeko: "Garai batean berrikuntzaren eta aldaketaren Bergara izan zena immobilismoaren Bergara bihurtu da. Azken urteetan herria gelditu egin da".
Adierazi dute aurretik martxan zeuden proiektu batzuekin aurrera jarraitu dutela, eta horien artean kokatzen dituzte Seminarixoaren irekiera, bidegorri sare zabaltzea eta Bergararren Arreta Zerbitzua martxan jartzea.
Hala ere, salatu dute beste ekimen asko bertan behera utzi dituztela; horien artean daude, besteak beste, UNEDArrizuriaga permuta, San Joxepen ortuak egitea, frontoian estalitako ziburuak egitea, alokairu sozialeko programa eta turismoa indartzeko neurriak.
Fokua, hiru proiektutan bereziki
Horrez gain, EH Bilduk faltan bota ditu bergararren ongizatean sakontzeko ideiak: "Proposamen berri gutxi, eta berritzailerik ia bat ere ez. Eta batzuetan kudeaketa kezkagarria, Udalaren egoera ekonomikoa asko baldintzatu lezakeena, bergararron zorra 2001etik lehen aldiz nabarmen handituta". EH Bilduk emandako datuen arabera, 2016tik gaur egunera 1.227.000 euro igo da Udalaren zor bizia.
Bestalde, Gobernuaren hiru proiektutan jarri du EH Bilduk fokua, bereziki. Batetik, Boluko frontoia: "Kudeaketa txarraren adibide da. Hasierako aurrekontua hirukoiztu da eta emaitza izan zitekeena baino kaskarragoa da: lurra berritu gabe, atzeko aldea itxi gabe...".
Bigarrenik, seminario azpiko parkingaren kudeaketa ere kritikatu dute: "Obra hasi aurretik aurrekontua bikoiztu egin da, 2.800.000 eurokoa du dagoeneko. Ideia interesgarria zirudien herriko aparkaleku arazoari erantzuteko, baina argi dago EAJk bi aldiz aztertu gabe egin zuela publiko proiektua, eta ondorengo gainkostuak bergararrok ordainduko ditugu. Hori gutxi balitz, EAJk ez du argitu ordainpekoa izatea defendatzen duen edo ez".
Hirugarrenik, EH Bilduk dio Espoloia eta Arrizuriaga inguruan ez dela ezer egin: "Ez da hitza emandako ezer gauzatu. Eta EAJk iragarri zituen proiektuak; ziburuak estaltzea, babes sozialeko etxebizitzak ezartzea, kiosko berri bat egitea, ardatz kulturala osatzea Arrizuriagarekin batera…".
Harremanak ere jomugan
Gobernuko kideek herritarrekin izan duten jarrera ere ez dute begi onez ikusi: "Herritarren eskaera askori erantzun ere ez zaio egin eta proiektuen inguruko parte hartze saioetan ia guztiz zehaztutako proiektuen gainean iritzia ematera mugatu da herritarron parte hartzea".
Gainera, diotenez, Gobernuak ez du jarrera egokia izan oposizioarekin: "Gure lana oztopatu dute informazio asko ukatuz eta ekarpenekiko ezkortasun osoa azalduz. Sistematikoki baztertu dira EH Bilduren proposamenak; batzuetan, aurrekontuen eta ordenantza fiskalen kasuan, adibidez, Gobernuak ere herriarentzat onak zirela aitortzen zituenak ez dira onartuak izan, EAJren eta PSE-EEren alderdikeriagatik".
Hala, "agintaldi txarra" izan da, EH Bilduren ustez: "Nola gobernatu nahiko ez genukeen ikasteko balio izan digu; Bergarak ezin du bide horretan jarraitu. Hurrengo agintaldian orain arte proposatu eta Gobernuak ukatu digun plan estrategikoa garatuko dugu. Bergararron artean etorkizuneko Bergara definituko dugu".
Lan-saio irekia zapatuan, 09:30ean
Herritarren proposamenak jaso eta horiekin programa osatzeko asmoz, lan-saio irekia egingo dute zapatuan, hilak 23, Miguel Altuna Institutuan (09:30).