"Orain baino 100 biztanle gehiago bazeuden gutxienez eta giro ederra, gaur egun ez dagoena. Jendea badago, baina ez da nahikoa". Hitz horiekin gogoratzen du Angiozar frankismo garaian bertako alkate izan zen Moises Arriaranek. 80 urtetik gorako angiozartarra, bailarak azken hamarkadetan bizi izan duen despopulazioaren lekuko isila bezain bizia da Arriaran –beste hainbat auzok eta herri txikik pairatu izan duten egoera–.
Moises Arriaranek izan du pozteko motiborik azken urteetan: "Orain, ume asko dabiltza Eskola Txikian eta horrek asko pozten nau. Lehen, zazpi bakarrik geratzen ziren eta eskola ixteko zorian ere egon zen... Jendea kanpotik etorriz gero ere gu pozik, umeak etor daitezela".
Bailararen kohesiorako eta etorkizunerako "ezinbesteko" ikusi izan du Arriaranek Angiozarko auzoen arteko komunikazioa hobetzea, baina oraindik ez da haren "betiko ametsa" bete.
"Pazientzia soberan izan dugu"
Auzoen arteko bideak egitea inbertsio handiko obra bat izan badaiteke ere, "nahitaezko" lana dela diote, eta denbora luzez zain egon direla gogoratu dute: "Angiozartik Elgetarako bidea egiteko 50 urte itxaron genuen eta beheko kaleko lanak bukatzeko 40 urte itxaron dugu. Pazientzia badugula erakutsi dugu, soberan", dio egungo alkate Jose Angel Mikeok.
Despopulazioari dagokionez, Mikeo bat dator Arriaranekin: "Angiozar ezagutu dugu biztanle gehiagorekin, komertzioarekin, industria txikiarekin eta, nola ez, eskolarekin. Lan egin ostean lortu genuen biztanle kopurua egonkortzea eta kanpotik jendea erakartzea; berriro umeak ikusteak asko pozten gaitu".
AHTak markatutako bailara
Bestalde, ezin da ahaztu azpiegitura handiek Angiozarren eragin duten kaltea, eta hor AHTa nabarmendu beharra dago. Hasita daude Bergarako lotuneko lanak, baina, Mikeoren arabera, oraingoz, "bigarren mailako obrak" egin dira. AHTaren gaia puri-purian zegoenean izan zen Angiozarko alkate Mila Elorza: "Gogoan dut herri galdeketa egin eta ezezko borobila eman geniola. Nire bizitza zeharo aldatu du proiektu horrek. Ingurumenarekin eta inguruko jendearekin askoz arduratsuagoa naiz orain; gure bailaratik kentzeko borrokarekin hasi ginen, baina ohartu gara AHTa ez dela ona inorendako".
Trenaren lanek eragindako kalteen kontraprestazio moduan tramuaren alboan natura-bide edo bidegorri bat egitea eskatu izan dute, besteak beste.
Bailara barruko komunikazioa
Elorzak, baina, argi dauka eskaera nagusia zein izan den historikoki: "Gure arteko distantziak murriztea nahi dugu. Batzuek Arrasatera jotzen dute, beste batzuek Elgetara... Bertakoa izatearen nortasuna galtzen ari gara". Datu batzuk ematearren: 16 kilometro koadroko hedaduran, Angiozarren 312 lagun bizi dira egun.
Angiozarko kaletik Bergarako erdigunera sei kilometro daude; esaterako, Goimendi auzoko Lopealdeoste baserria Angiozarko kale gunetik 1.800 metrora egon arren oinez, 12 kilometro egin behar da autoz heltzeko –Bergarako erdigunera heltzeko behar denaren bikoitza–.
Alkatea aldatu beharko dute
1977an, Franco hil osteko lehen udal hauteskundeen aurretik egin ziren Angiozar Bailarako Batzarrerako lehen hauteskundeak, eta lege zaharreko sistemarekin egin zen bozketa. Etxez etxe jaso ziren botoak, alkatea eta sei kide aukeratuta. Ordutik, hauteskundeen dinamikari eutsiz, lau urtean behin hautatzen dira alkatea eta ordezkariak; egun, auzo bakoitzetik bi eta kaletik lau. Jose Angel Mikeo izan da alkate azken zortzi urteetan, gehienezko mugara iritsita; San Migel jaietan, beraz, alkatea aldatu beharko dute