Seminarioko parkingaren kostua, eztabaida iturri

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 26a, 16:19

Seminarioko parkinga egiteko 500.000 euroko kreditu gehigarri baten berri emateak eragin zuen eztabaida gehien atzoko osoko bilkuran. Oposizioak salatu zuen proiektuaren hasierako aurrekontua (1.400.000 euro) baino askoz handiagoa izango dela bukaerako kostua –EH Bilduk dio bikoiztu egingo dela gutxienez–; gobernuak kostu gehigarria proiektua "nabarmen" hobetu izanarekin justifikatu du.

EH Bilduk mahai-gaineratu zuen gaia eta salatu zuen gobernuarentzat proiektu izarra denaren kostua hasierako aurrekontutik bikoiztu egingo dela gutxienez. Irabazi hasieratik agertu da seminarioko parkingaren kontra, mugikortasun ikuspegitik atzera egitea dela sinistuta, eta hasierako aurrekontua baino askoz gehiago kostatuko dela ere kritikatzen dute.

Gobernuak kostu gehigarria proiektua "nabarmen" hobetu izanarekin justifikatu zuten eta hobekuntza horien artean daude, Elena Lete alkatearen arabera, 74 plazatik 86ra pasatzea, bertan zegoen kolektorea kentzea eta aurreikusten diren urbanizazio lanean artean, besteak beste, Ibargaraiko espaloia zabaltzea.

Zubieta, berriro ere protagonista

Bestalde, Zubietako bizilagunek hitza hartu zuten bilkuraren amaieran. Zubiko lanak amaitu direnean, balorazio bat egiteko asmoz hurbildu ziren bilkurara; diote zubia polita geratu dela nahiz eta bizilagun askori ez zaien alde baten dagoen txapa zatia gustatzen, baina bereziki  auzoa balioan jartzeko eta bertako segurtasuna bermatzeko eskaera berri bat egin zuten.

Alkateak adierazi zuen seminarioko parkingeko lanekin hasi aurretik Zubietako ardatzeko gabeziak berrikusiko dituztela baina argi utzi zuen herrian badaudela interbentzio garrantzitsuak behar dituen beste gune batzuk eta lehentasunak finkatu behar direla.

EH Bilduk kezka agertu zuen Boluko frontoiarekin eta Zubietako zubiarekin akaberak ez direlako egokiak izan. Hori bai, uste dute herrian ardatz ezberdinak daudela interbentzio bat behar dutenak.

San Joxepe elkartearekin hitzarmena

Bestalde, 1996an sortutako eta gaur egun 1.600 bazkide inguru dituen San Joxepe elkarteari egoitzaren erabilera uzteko eta arautzeko hitzarmena onartu zen eta baita Martxoaren 8ko adierazpen instituzionala ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak