Aranzadiko ikasleek eta ISSeko astronautek zuzeneko konexio bat egingo dute udaberri bukaeran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 25a, 12:36

Ekimen estratosferiko baten hartuko dute parte Aranzadi ikastolako ikasleek udaberri amaieran. ARISS da mundu mailako ekimenaren izena eta, labur azalduta, ikasleak Nazioarteko Espazio Estazioan –ISS moduan ezaguna– bizi diren astronautekin zuzeneko konexio bat egitean datza; ikasle gazteak zientziaz bustitzea da helburu nagusietako bat. Estatu mailan aukeratutako hiru ikastetxeetako bat da Aranzadi, Sevillako eta Mallorcako ikastetxe banarekin batera.

Adin guztietako ikasleek izango dute Nazioarteko Espazio Estazioan bizi diren astronautekin jarduteko aukera. Aranzadiko irakasle Manu Arregiren arabera, "irrati afizionatuen bitartez" gauzatuko da konexioa: "Jende askok ez daki, baina 400 kilometroko orbita batean sei astronauta bizi dira, eta proiektu honen helburua da gaztetxoei zientziarekiko lotura eta ilusioa sorraraztea. Proiektu polita da, kaleko neska-mutilei ematen dielako aukera hor goian dauden astronautekin berba egiteko".

Aranzadi ekimen horretan murgildu izanaren erantzule nagusia bertako batxilergoko ikasle Maider Jorge Gabilondo da, Donostiako ikastetxe batean parte-hartzearen gaineko notizia ikusi baitzuen telebistako albistegian; 2018an donostiarrek egindakoa aurten eurek egitea proposatu zuen ikastolan: "Telebistan ikusi nuen Donostiako ikastola bateko ikasleek astronautekin berba egiteko aukera izan zutela; hurrengo egunean gelara joatean irakasleari galdetu nion ea ikusi zuen berria, eta baietz erantzun zidan. Galdetu nion guk egin ahalko genukeen hori; bidali zizkidan Interneteko lotura batzuk, hasi nintzen informazioa bilatzen eta hemen gaude".

Geletan lanketa berezia egiten ari dira azkenaldian, eta Aranzadiko ikasleek –Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoek, guztiek– astronautei egingo dizkieten galderak hautatu behar dituzte orain; baina kontua ez da zuzeneko konexiora mugatzen, herrian beste ekimen batzuk egitea ere nahi dute-eta Aranzadikoek. Izan ere, ikastetxeen aukeraketa egiterakoan horrelako gauzak ere kontuan hartzen dituzte proiektuaren arduradunek: "Internet bidez egin behar zen eskaera, eta proiektu pedagogiko bat aurkeztu behar zen. Kontua ez da mugatzen egun bateko ekintzara, eurekin hitz egitera eta listo, baizik eta aurreikusi behar ziren aktibitate asko, eta asko baloratzen zuten herri mailako aktibitateak izatea, bailara mailakoak...".

Zuzeneko konexioa udaberri amaieran izango da, maiatz edo ekain aldera, astronauten agendaren arabera; hiru aste inguruko aurrerapenez jakingo ei dute ziurtasunez noiz. Bergarakoekin batera, Mallorkako eta Sevillako beste bi ikastetxek ere izango dute aukera.

Eta beste ekimen bat ere bai

Bestalde, Manu Arregi irakasle oñatiarra estratosferarako beste bidaia bat prestatzen ari da, duela urte batzuk Oñatitik txantxikua bidali zuena modukoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak