Mugitzeko erak herritarrekin aztertzeko bilera, hilaren 26an

Eneko Azurmendi 2019ko ots. 22a, 12:30

Mugikortasun Plana lantzen ari da Bergarako Udal Gobernua, eta horren baitan, diagnostikoa egiten dihardu. Alde teknikoa lantzeaz gain, herritarren ekarpenak jaso gura ditu udalak eta urtarrilean etxeetara bidalitako 1.500 galdetegiez gain, bilera ireki bat egingo du datorren martitzenean udaletxean, 18:00etan.

Diagnostiko teknikoari dagokionez, Leber enpresa ari da lantzen, eta bukatzear dute. "Alde tekniko horretan datu bilketa sakon bat egin dugu. Orain, forma ematea bakarrik falta zaigu", azaldu du Elena Lete alkateak. 

Honako puntuak dira landu dituztenak:

  • -Bergarako bidaien zenbaketa (erakarritakoak, kanpokoak, barnekoak).
  • -Laneko mugikortasunaren analisia.
  • -Bergarako lan eskaintzaren bilakaera.
  • -Herriko biztanleen piramidea, adin eta generotan banatuta.
  • -Garraio publikoaren azterketa (Lurraldebus eta Herribuseko datuak).
  • -Udalerriko lau eremu nagusitan jasotako zirkulazio mugimendua.
  • -Istripuak eman diren gune esanguratsuenak.

Bilera irekia martitzenean

Hainbat eragileren eta herritarren iritzia ere jaso gura du Udal Gobernuak, eta Prometea izeneko enpresaren laguntzarekin, prozesu bat jarri du martxan horretarako.  Bide horretan, lehenengo pausua 1.500 etxetara herritarren desplazamendu ohiturekin lotutako galdetegiak bidaltzea izan zen. Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko 250 erantzunetik gora jaso dituzte. Galdetegia erantzuteko epeak zabalik jarraitzen du oraindik ere eta horiek jasotzea garrantzitsua dela azpimarratu du alkateak. Galdetegia betetzen dutenen artean, Bergarako negozioetan gastatzeko 150 euroko bi bono zozketatuko dituzte.

Baina horrez gain, aurrez aurre egon gura du herritarrekin, diagnostikoa osatzeko, eta datorren martitzenean bilera ireki bat egingo dute horretarako. "Otsailaren 26an izango da bilera, 18:00etan osoko bilkuren aretoan. Bilera horretara gonbidatu gura ditugu herritar guztiak. Gure azterketa teknikoa osatzea gura dugu, plana gauzatzeko oinarri sendo bat izatea, bergararren nahiak eta beharrak asetzeko", adierazi du Letek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak