ALBISTEAK

Alberto Alonso: "Konpromiso sozialarekin jarraitzea izango da lehentasuna"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 19a, 14:12

Gaur, otsailak 19, aurkeztu du PSE-EEk maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako Bergararako alkategaia: Alberto Alonso (Oñati, 1976) izango da. "Azken hamabi urteotan zinegotzi izan den Mari Carmen [Barrenetxea] ondoan izango dudala jakiteak asko lasaitzen nau", adierazi du Alonsok. Laneko segurtasun eta osasunerako Osalan erakundeko zuzendari da egun Alonso; Barrenetxea sozialisten zerrendako bigarrena izango da.

Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza ere egon da Bergarako Herriko Etxean egin den aurkezpenean. "Harro egoteko moduko eguna da. Batetik, Mari Carmenen lana aitortzea nahi dut eta Albertoren ondoan egongo dela azpimarratu. Eta, bestetik, zerrenda berritzera gatoz; ez dugu edozein alkategai aurkezten, maila handiko bat baizik. Apustu sendoa eta garrantzitsua da guretzat".

Mari Carmen Barrenetxearen arabera, "oso egun berezia" da gaurkoa berarentzat. "Gizarte zerbitzuak moduko departamendu delikatu baten aritu naiz eta lan handia eskatu du. Harrotasunez esan dezaket bergararren bizi kalitatea hobetzeko lan egin dugula", gaineratu du.

Azkenik, alkategai izango den Alberto Alonsok nabarmendu du Barrenetxeak hasitako bideak izango duela jarraipena: "Azken lau urteotan Udal Gobernuan egon da Mari Carmen eta berak pertsonifikatu du sozialiston aurpegia. Gaur egiten duguna da aurpegi hori berritu, baina Mari Carmen ondoan izango dugu. Konpromiso sozialarekin jarraitzea izango da lehentasuna". Bergararako proiektuen artean, Labegaraieta auzoa biziberritzearena eta hilerria lekuz aldatzearena aipatu ditu Alonsok, besteak beste. 

Langileen ordezkari gisa, "ibilbide luzea"

1976an jaioa, UGT sindikatura afiliatuta dago 16 urte dituenetik eta gerora historian lizentziatu zen. Hain zuzen, langileen ordezkari gisa "ibilbide luzea" egin ostean, Osalaneko zuzendaria da gaur egun.

Horrez gain, PSE-EEk informazio kanpaina bat iragarri du azken lau urteotako kudeaketaren balorazioa egiteko. 6.000 eskuorri banatuko dituzte eta azken lau urteotan zinegotzi izan den alderdiaren Bergarako bozeramaile Mari Carmen Barrenetxeak azaldu du herritarrei kontu ematea dela kanpaina horren helburua.

Barrenetxeak, gizarte zerbitzuetan egin duen lana baloratzeko orduan, nabarmendu du adineko 35 laguni zerbitzua emango dion eguneko zentroa egin dela eta etxez etxeko laguntzara bideratutako diru kopurua %16ko igoera izan duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak