Tailer aberatsa, etxeko langile emakumeak ahalduntzeko

Xabi Gorostidi 2019ko ots. 16a, 20:23

Lan baldintza eskasak dituen sektore horretako langileentzat tailer informatiboa egin dute gaur arratsaldean kartzela zaharrean. Saio emankorra izan da oso, zalantza praktiko ugari argitzeko balio izan duena, baina batez ere, euren sektoreko baldintzak hobetzeko denen artean bultza egin beharra daukatela barneratzeko. 

Etxeko langile moduan diharduten emakumeen errealitatea, ez da erreza. Sektore prekarizatua da oso –900 euroko soldatak dira nagusi, orduko 5,63 euroko ordainsariekin– eta paperik gabekoen kasuan, baldintzak are okerragoak dira. Gaurkoan 20 emakume batu dira kartzela zaharrean, Bidez bide elkarteak antolatu duen tailer informatiboan parte hartzeko. Latinoamerikarrak, musulmanak, bertakoak, etorri berriak, duela 10 urte baino gehiago etorritakoak, ... guztiek adi-adi entzun dituzte Bidez bide elkarteko Katia Reimberg-ek emandako azalpenak, eta parte hartze handia izan da, zalantza eta egoera pertsonal ugari partekatu dituztelako. 
 

Irudia: Tailerreko parte hartzaileak Katia Reimberg-en azalpenak entzuten. 

 
Askotariko gaiak jorratu dituzte:
  • soldata minimoak
  • Urteko pagak
  • Eskubideak eta araudiak
  • Soldata hainbanatuak
  • Kurtso sozio-sanitarioak
  • Nominak eskatzearen beharrak
  • Bankuetan kontuak zabaltzeko paperik ez dutenen zailtasunak
  • Elkarren arteko laguntza
  • Erroldatzeko zailtasunak
  • Bajak
  • Oporraldiak
  • Kotizazioak
Paperik ez dutenek hiru urtez erroldatuta egon direla ziurtatu behar dute paperak lortzeko, eta hori lortu bitartean are baldintza kaxkarragotan egiten dute lan: kontraturik gabe, bajak kobratzeko zailtasunekin, eskubiderik gabe... 
 

Irudia: Luciana hizketan, euren sektoreko arazoa kolektiboa dela azaltzen. 

 
Baina ikasgai orokor bat ere barneratu dute. Norberak plazaratu dituen egoeretatik harago, inmigrazio zein lan araudi injustu batzuen menpe dauden kolektibo bat direla, eta euren egoera hobetzeko antolatu eta mobilizatzeko beharra daukatela. 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak