Boluko malda egonkortzeko, hiru fase eta 612.315 euro

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 7a, 18:34

Duela bi urte mugitu zen Boluko mendi-hegalaren azpian pantaila metaliko bat jartzeko lanak "lehenbailehen" hasiko dira, eta udan helduko diete hegala bera egonkortzeko lanei; hirugarren fasean, epe luzera begira, mugitutako eremuaren gainean hasiko dira lanean.

Boluko malda egonkortzeko lanean ari da Udala, 2017ko urtarrilaren 16an mendi zati bat behera etorri zenetik. Ingek SLP enpresak gunearen azter­keta geologikoa eta geoteknikoa egin zuen, edozein interbentzio­ren aurrean izan zitezkeen arriskuak neurtzeko. Gero, 2018ko martxoan, Udalak Ingek eta Sestra enpresei mendi-he­gala egonkortzeko proiektuaren idazketa esleitu zien.

Lehena, pantaila metaliko bat

Lanon helburua da mugitutako mendi-hegala egonkortzea, bi eremutan –mugitu zena eta haren gainekoa– segurtasun neurriak areagotzea eta bidegorri-pasabi­dearen plataforma egokitzea. Horretarako, hiru fase aurrei­kusten dira: lehen fasean, mugi­tutako hegalaren parean dagoen pasabidearen plataforman segur­tasunerako pantaila metaliko bat ezarriko dute; 3S Geotech enpre­sa kontratatu dute horretarako eta "lehenbailehen" hasiko dira lanean (33.380 euro). Bigarren fasean, mugitutako hegala egon­kortuko dute, eta lanak uda par­tean hastea dago aurreikusita; mikropiloteak sartuko dira eta ura bideratzeko kanal bat sortu, besteak beste (456.201 euro). Gai­neko eremua egonkortzeko lanak epe luzera begira daude aurrei­kusita (122.734 euro). Hiru faseen aurrekontua 612.315 euro da.

Elena Lete alkateak atzoko agerraldian esan zuen hasieratik ingurune horren gainean egon direla: "Etengabeko jarraipena egin diogu, edozein mugimendu gertatuz gero, berehala erantzu­teko. Sare dinamikoa ere ezarri genuen, eta sare horrekin segur­tasuna %100ean bermatzea lortu".

Azkena, urtarrilaren 31 gauean

Azken lur-jausia urtarrilaren 31tik otsailaren 1erako gauean gertatu zen; hamar metro ku­biko inguru behera etorri ziren. "Eguen arratsaldean eremua ondo zegoen, baina 19:00etatik 00:00etara euri mordoa egin zuenez, uste dugu horrek eragin zuela lur-jausia. Zorionez, sareak bete zuen bere funtzioa; eguba­koitzean hasi ginen hamar me­tro kubiko horiek kentzen eta, espero baino askoz gehiago kostatu arren, iluntzerako gar­bitu genuen guztia", adierazi du Obra eta Zerbitzuetako zi­negotzi Lander Arregik.

Gobernuaren arabera, obrak hasteko moduan daude dagoe­neko: "Eremuari behin betiko soluzioa eman ahalko diogu. Lur-jabeekin hitzarmena sina­tzera goaz eta zabalduko dira eremu horri bestelako erabile­rak emateko aukerak". Horien artean, Gobernuak erabilera publikorako ortu batzuk egoki­tzea du aurreikusita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak