750. urteurrena, "oso oparoa, aberatsa eta emankorra"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko ots. 6a, 09:42

Bergarak hiri-gutuna jaso zuela gogora ekartzeko 750. urteurrenaren balorazioa egiteko agerraldian, 2018an antolatu diren ekitaldiak "oso positiboki" baloratzeaz gain, nabarmendu zuten etorkizunerako hainbat bide zabaldu dituztela. Bide horien adibide moduan jarri zituzten, esaterako, ikerketa sozioekonomikoa eta herri curriculuma. 161.968 euro gastatu ditu Udalak urte osorako ekimen horren bueltan.

Elena Lete alkateak txalotu gura izan du bergararrek erakutsi duten inplikazioa: "Herritarrak txalotu nahi ditut izan duten kemenagatik, lan egiteko gogoagatik, eta baita ere antolatutako ekintzek izan duten harrera beroagatik. Ezin da gehiago eskatu". Herritarrak deitu zituen Udalak mahaietan antolatu eta proposamenak luzatzeko: "Hainbat mahai sortu ziren –Historiko-Zientifikoa, Garapenekoa, Kulturakoa, Kiroletakoa…– eta herritarrek sortutako ekintzak arrakastatsuak izan dira".

Valen Moñuxek irailaren 29an San Martin plaza hartu zuen kontzertu bereziaz egin zuen berba: "Betirako gordeko dut oroitzapen benetan polita. Uste dut partaide zein ikus-entzule guztiek gogoratuko dutela. Errepikaezina izango zela esan zen; niri slogan hori ez zitzaidan larregi gustatu, espero dudalako egunen baten halako ikuskizunen bat errepikatzea".

Bergarako atletismoaren gaineko erakusketa eta topaketa antolatu zuen Pili Arinek ere ez du ahaztuko 2018ko ekimena. Ezin da ahaztu 1970eko hamarkadan emakume atleta bakarra zela Arin: "50 urtez ikusi gabe geunden eta erronka handia izan zen guztiok bazkari baten bueltan elkartzea. Zelako laztanak, zelako besarkadak, anekdotak kontatzen. Egun zoragarri bat izan zen".

Burdinola elkarteko Miren Josune Baskaranek oroitzapen polita gordetzen du Bergara Hiria emakumeen hockey txapelketaren inguruan: "Oso egun polita izan zen. 35 urtetik gorakook ere hartu genuen parte eta ederra da honek jarraipena izango duela jakitea". Izan ere, Udalak konpromisoa hartu zuen emakumeen kirola sustatzeko Bergara Hiria txapelketak datozen lau urteetan ere antolatzeko.

Urteurrena eurotan

Udal Gobernuak eman dituen datuen arabera, 750. urteurrena antolatzeko 161.968 euro gastatu dira. Honako hauek dira partida guztiak:

2017 eta 2018 urteetako 750 URTEMUGAREN INGURUKO GASTUEN ZERRENDA

 

GASTUA

Herritarrei egutegiarekin banatutako Poltsak berrerabilgarriak

13.939,20

Herribusean jarritako mezua

641,30

Komunikazio kanpaina (Aldizkiariak, prentsa, karteleria, sareak...)

19.039,59

Euskal Wikilarien Elkartea

1.270,00

Bergarako historiaren sintesiaren ikerketa eta liburuaren publikazioa

15.353,75

Pintxo lehiaketa

2.000,00

Wolfram Goxoa (diseinua, formazioa eta komunikazioa...)

7.397,63

Bergara Hiria Emakumeen torneoak+Hitzarmenak

14.577,30

Bergarako Musika Bandaren, Ereserkia eta martxak CD

3.087,58

Antzinako kirol argazkien erakusketa

3.000,00

Erreala Osasuna partidua

3.000,00

Irailak 29ko kontzertua (Infraestruktura, DVD, soinua, proiekzioa...)

34.860,00

Laboratorium Erakusketa Historiakoa (Kalekoa barne)

26.525,17

Historiako Hitzaldi sorta

1.750,00

San Migel Aritzetako ikerketa arkeologikoa

3.846,00

Ipuina: Bergarako kolore erraldoiak

11.680,00

GUZTIRA 161.967,52

2019 urtean garatuko direnak

Bergarako Ikerketa sozioekonomikoa

29.040,00

Ikastetxeentzat garatzen ari den Herri Curriculuma

21.000,00

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak