Gipuzkoako ahaldun nagusiak Bergarako San Juan auzoko Larramendi industria gunean azaldu du Aldundiak 1,7 milioi euro bideratu dituela azken lau urtetan barne-ekintzailetza prozesuetan, Barnetekin programaren bitartez. 111 enpresa eta proiektu lagundu ditu eta horietako bat da goizean bisitatu duten Embalan3 enpresa. Markel Olano diputatu nagusiak adierazi du "barne ekintzailetzaren adibide garbia" dela Emalan3 eta zoriondu egin ditu bertako langileak.
Markel Olanorekin batera, Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatua, eta Ainhoa Aizpuru, Ekonomia, Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua, ere izan dira goizean Bergaran. Baita Elena Lete Bergarako alkatea eta Lander Arregi zinegotzia ere. 09:00etan iritsi dira San Juan industriagunera eta bilera egin dute Embalan3 enpresako Jon Alberdirekin (Embalan3 taldeko zuzendaria), Andoni Alberdirekin (Kontseiluko lehendakaria) eta Irune Alberdirekin (Finantza zuzendari eta Kontseiluko kide). Ondoren enpresa barruan izan dira lana bertatik bertara ezagutzen.
Embalan3 familia enpresa da. Egurrezko tamaina handiko kaxak egiten dituzte eta 35 langile dira Bergaran eta Gallartan dituzten lantegietan. Produktu berria martxan jarritakoan lan taldea hamar pertsonan handitzea espero dute. "Duela hiru urte hasi ginen proiektu berri hau martxan jartzen eta espero dugu aurten bukatzea. Merkatu berrietara helduko gara", adierazi du Jon Alberdik. Aldundiak adierazi duen moduan, enpresa honek 22.500 euroko diru laguntza jaso du Aldunditik eta beste horrenbeste SPRI-ren eskutik, patentea lortzeko bidean dagoen kaxa berri baten produkzio eta distribuziorako.
Egun mundu osora saltzen ditu egiten dituen kaxak baina bere merkatuaren %95a, lokala da.