Energia erakusgai, ahalik eta gehien irakatsi guran

Mireia Bikuña 2019ko urt. 24a, 13:22

Energia: guzti-guztiaren jatorria eta amaiera izenburu duen erakusketa zabalduko dute egubakoitzean, Laboratoriumen, eta Bartzelonako Unibertsitatetik etorritako hiru komisariok hartuko dute parte ekitaldian; maiatzaren 5a arte bisitatu ahalko da.

Energia izango da protagonista Laboratoriumen, urtarrilaren 25etik maiatzaren 5a arte. Museoak badaroatza urte batzuk gai baten gaineko erakusketa eta unitate didaktikoak sortzen. "Energiarena pil-pilean dagoen gai bat da, ikuspegi askotatik baldintzatzen gaituena. Energiatik sortu ginen gu eta sortu zen guzti-guztia; hari asko ditu eta asko dauka lantzeko. Gainera, gazteentzat zein helduentzat gai interesgarria delakoan gaude", adierazi du Laboratoriumeko arduradun Rosa Errazkinek. 

Energia: Guzti-guztiaren jatorria eta amaiera du izenburu erakusketak eta gaur inauguratuko da. Inaugurazioan egongo dira erakusketaren komisario diren Bartzelonako unibertsitateko aditu Carlota Oliver, Elies Molins eta Javier Tejada; erakusketaren gaineko argibideak emango dituzte eta bertaratzen diren herritarren zalantzak argitzeko gertu egongo dira.

Erakusketa eta unitate didaktikoa

Laboratoriumeko ekimen honek hiru adar ditu. Batetik, erakusketa bera, hiru atal edo gela dituena. Lehenik eta behin, unibertsoa eta gizadia dago: konplexutasuna, informazioa, eboluzioa, kaosa, energia iluna, nazioarteko harremanak, garraioa, klimaaldaketa, populazioa eta hiriak dira atal honetako protagonistak; hau da, kontzeptu horiek guztiek energiarekin duten harremana lantzen du: "Zer garen eta izango garen ulertzeko gakoak emango dira". Erakusketako bigarren atal baten, ingurune energetikoak dira jorratzen direnak: "Eskala ezberdinetan murgilduko gara, mundu nanoskopikoan hasi eta mundu kosmologikoraino". 

Erakusketako hirugarren atalak erregaiak eta energiaren sorkuntza izango du berbagai: "Azaldu nahi da nola erabiltzen diren elektrizitatea, lana, mugimendua, ordena eta informazioa ekoizteko baliatzen diren erregai guztiak". Gainera, energian aditua den Usurbilgo Lanbide Heziketako lantaldearekin unitate didaktikoa sortu dute. Eta, azkenik, Felipe Uriarte eta Joxe Mari Rubio bergararren lurrunmakina ere bertan egongo da.

Astelehenetan eta martitzenetan izan ezik, gainerako egunetan bisitatu ahalko da; argibide gehiagorako: 943 76 90 03 edo laboratorium@bergara.eus

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak