Herritarren mugikortasun beharrak ezagutzeko galdera sorta bidaliko diete 1.500 familiari

Mirari Altube Arrese 2019ko urt. 15a, 16:00

Bergarako Mugikortasun diagnostikoa egiten dihardu Udalak, eta horretarako herritarren beharrak zeintzuk diren ezagutu gura ditu. 1.500 familia-unitateri galdetegia bidaliko diete, eta behin erantzunak jasota saio irekiak antolatuko dituzte.

Mugikortasun diagnostikoaren bidez aztertu gura dituzte besteak beste, herriko aparkaleku beharrak, bergararren zein bisitarien desplazamendu ohiturak, bidegorrien erabilera eta oinezkoen esparruak eta beharrak. Hala adierazi du Elena Lete alkateak gaur egindako agerraldian. Leber enpresa kontratatu dute informazioa jasotzeko, eta Udalarekin adostutako inkesta bidaliko dute 1.500 etxetara. Alkateak jakinarazi du gizon eta emakumeen parekidetasuna, adin tarte ezberdinak eta herriko toki ezberdinetan bizi diren herritarrak hartuko direla kontuan inkesta bidaltzerakoan.

Galdetegi horren emaitzak batutakoan saio irekiak antolatuko dituzte: "Bi dinamika horien bidez jasotako diagnostikoak lagunduko digu mugikortasunari dagozkion zuzendu beharreko arazoak identifikatzen. Eta horri esker zehaztuko ditugu Mugikortasun Iraunkorreko Planak izango dituen helburuak; nolako Bergara nahi dugun", esan du alkateak.

Parte-hartzearen garrantzia

Leticia Alvarez Hirigintzako zerbitzuburuak azpimarratu du herritarren parte-hartzeak duen garrantzia: "Berebiziko garrantzia dauka herritarron arazoak zehaztasunez detektatzeak, eta horretarako funtsezkoak izango dira inkesta hau eta aurreikusitako saio irekia". Argitu nahi dituzten puntuen artean honako hauek daudela gaineratu du: "Nola bizi dugu mugikortasuna Bergaran? Zerk funtzionatzen du ondo? Zein gabezia daude?".

Era berean, jakinarazi du banan-banan aztertuko dituzten puntuen artean honako hauek daudela:

  • Zirkulazioa
  • Aparkalekuak
  • Garraio publikoa
  • Hiritarren bizi kalitatea
  • Hirigintza politikan mugikortasunaren integrazioa
  • Ingurumen eta energiaren inbentarioa eta analisia
  • Zirkulazio istripuak eta bide gatazkatsuak

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak