Bergarako industriaren iragana, oraina eta etorkizuna, ikus-entzunezko baten bitartez

Eneko Azurmendi 2018ko abe. 14a, 10:17

Gipuzkoako Foru Aldundia egiten ari den Gipuzkoan Eginak ikus-entzunezko sailaren seigarren kapitulua Bergarari buruzkoa da, eta Seminarixoan aurkeztu dute. Herriko hiru enpresa dira, batez ere, dokumentalaren ardatz: Lazpiur, TTT Taldea eta Adom, Erreka Taldearen parte dena. 

Maite Eskarmendi kazetariak aurkeztu du ekitaldia. Ikus-entzunezkoa proiektatu ostean, protagonistak oholtza gainera igo dira eta solasaldi bat egin dute, esperientziak partekatuz.

Ikus-entzunezkoari dagokionez, Bergarako industriaren iragana, oraina eta etorkizuna aztertzen ditu, herriko hainbat enpresaren testigantzaren bidez, Bergarako izaera, identitate soziala, hiritarra eta ekonomikoa moldatzen lagundu dutenak. "Bergarak baditu enpresa ekintzaile esanguratsuak, eta aukeratu beharra zegoen", adierazi du Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak.

Uxue Garin gazte bergararrak bideratzen du, eta aipatutako enpresetako ordezkariekin biltzen da banan-banan. Aizpuruk dio herrian sakon errotutako hiru enpresa direla. "Lazpiur, 100 urtez baino gehiagoz herriko industriari lotuta dagoena, eraikuntza mekanikoetara dedikatua, eta tresneria-forjaketan eta makinarian espezializatua; TTT Taldea, 50 urtetik gorako esperientziarekin, tratamendu termiko industrialetan aritzen dena; eta Adom, Erreka Taldearen parte dena, eta espazioak eta etxebizitzak egokitzen dituena irisgarri izan daitezen".

'Gipuzkoan Eginak'

Seigarren kapitulua da Bergarakoa. Aurrez, Eibarren, Legazpin, Zumaian, Irunen eta Tolosan izan dira. Egitasmo honek bi helburu ditu, Aizpururen esanetan: "Batetik, gure lurraldeko sustrai industrial horietatik abiatu, etorkizunera begiratu, eta batez ere, gure industriaren desafioak aztertu, horiei aurre egin, eta hausnartu. Bestetik, hainbat pertsonen ibilbideari eta lanari aitortza egitea. Uste dut urte gogor asko izan dituztela, eta egunero beraien onena eman izan dutela, gure lurraldea bizitzeko leku hobe bat bilakatuz".

Keinu bat

Industria Bergararen iraganean dagoela uste du Elena Lete alkateak, eta etorkizunean egotea ere espero du. "Bergarak oso kokapen ona izan du beti, eta etorkizunera begira ere, igartzen dugu kokapenaren garrantzia hainbat enpresarentzako. Sumatzen dugu hainbat enpresa gerturatzen ari direla gure herrira", adierazi du.

Alkateak keinu bat egin gura izan die Miguel Altuna Institutuari eta Gureak enpresari. "Miguel Altuna institutuak egoitza berria estreinatuko du, eta egoitza horretan Gureak ere egongo da. Hor sinergia inportante batzuk sortuko direla uste dut, bai hezkuntza, bai industria eta bai gizarte ikuspuntutik aztertuta. Ez dago ahazterik Gureak enpresak beti lan egin duela laguntza gehien behar dutenen alde, eta hor sortzen da bihotz berri bat, lehengo Candy zena, gaur egun jada ez dagoena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak