Bilketa Handiaren osteko elikagai bankuko antolaketa gertutik ezagutzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko abe. 11a, 18:47

Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean egin zuten Bilketa Handia, eta Gipuzkoa osoan 650 tona elikagai batu dituzte, horietatik 107 Bergarako elikagai bankuan; hala ere, diote kopurua handitu egingo dela, oraindik hainbat kaxa ez dituztelako jaso.

Gipuzkoan bi elikagai banku daude: Oiartzungoa eta Bergarakoa. Lehenak hartzen du eremu handiena, eta 543 tona elikagai jaso dituzte han. Bergarakoan, berriz, 107 tona elikagai batu dituzte. "Kezka geneukan hasieran, San Andres eguna zelako lehen eguna eta guretzat potentzialki garrantzitsuak diren bi herritan jai eguna zelako, Eibarren eta Azkoitian. Hala ere, orokorrean aztertuta, iazko kopuru antzekoa batu dugu", azaldu du Jose Antonio Agirrebeñak, Bergarako elikagai bankuko arduradunak. "Olaberriako Carrefour da beste erreferentzietako bat, eta hor, adibidez, iaz baino 1.000 kilo gehiago batu dituzte", azaldu du Agirrebeñak.

Behin elikagaiak batuta, hauek ordenatzen eta sailkatzen ari dira orain. "Elikagai guztiak bankura ekartzea izaten da lehen pausoa. Gero, edukiontzi guztietan dauden produktu guztiak sailkatzen ditugu. Izan ere, edukiontzi bakoitzean 30 produktu desberdin egon daitezke, eta hori guk ezin dugu dagoen moduan banatu. Ondoren, pisatu egiten dugu, eta inbentarioa egin. Azkenik, biltegira pasatzen ditugu". Hori guztia boluntarioek egiten dute. "Herri desberdinetatik etortzen zaizkigu laguntzera, eta hori eskertzekoa da", azaldu du bankuko arduradunak. Entitate desberdinei banatzen dizkiete bankuko elikagaiak: etorkinen elkarteak, Caritas, Gurutze Gorria, Udalak, eta abar. "Haiek kontrolatzen dute zeintzuk diren benetako beharrak. Hilean behin etortzen dira, eta, eskatzen digutenaren arabera, ematen joaten gara".

2011n jarri zen martxan Bergarako elikagai bankua eta 280 pertsona ingururengana iritsi ziren horko elikagaiak. Gaur egun, 4.400 pertsona nagusi dira bankuaren onura jasotzen dutenak, baita 400 ume ere –hiru urtetik beherakoak–. Agirrebeñaren esanetan, azken bi urteetan mantendu egin da kopuru hori.

Jostailuak batzen

Gabonei begira, jostailu bilketa hasi du Debagoieneko Gurutze Gorriak eta gaur eta bihar egongo dira Arrasateko Hiper Eroskiren sarreran. Batez ere 12 urte arteko umeendako moduko jostailuak gura dituzte jaso, eta "ez daitezela izan ez belikoak eta ez sexistak ere. Ahal dela berriak, edo oso ondo zaindutakoak bestela". Jostailuekin batera bost eta 50 euro arteko txekeak ere banatuko dituzte eta diru horrekin jostailu gehiago erosi, "ahalik eta ume gehienen artean banatzeko beste". Iaz, esaterako, Gipuzkoan, 1.500 ume baino gehiagoren artean banatu zituzten jostailuak; 4.000 baino gehiago jaso zituzten. Gurutze Gorriko kolaboratzaile Leire Gonzalezen esanetan aurten eskaera egin duten ume gehiago dituzte baina guztiengana iritsiko diren esperantza dauka, "herritarrak elkartasuna adierazi eta jostailuak batzeko kanpainan parte hartzen ari direlako".

Emaus-en enkante solidarioa

Emaus gizarte fundazioak, berriz, enkante solidarioa abiatu du, eta abenduaren 26ra arte egongo da martxan. Enkanteko objektuak eta gauza bitxiak Emaus Social Faktoryn egongo dira ikusgai, Donostiako Mundaiz Bideko 6. zenbakian, 11:00etatik 14:00etara eta 17:0etatik 20:00etara. Eskuratutako dirua Emaus Gizarte Fundazioaren proiektu solidarioetara bideratuko da. Objektu bakoitzak bere hasierako prezioa du, merkeena 5 euro da eta garestiena, berriz, 600 euro. Informazio gehiago, comunicacion@emaus.com webgunean edo 616 13 54 28 zenbakian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak