BNI Aukera Debagoienak Bergaran egin du batzarra gaur

Amaia Zabala 2018ko aza. 23a, 15:32

BNI Aukera Debagoiena-k lehenengo urteurrena bete zuen irailaren 29an. urte honetan, lantaldeak 921 erreferentzia sortu ditu; hau da, 921 negozio aukera lantaldeko kideentzat, eta horrek 1.024.245 euroko negozioa ekarri du

Business Network Internationalda BNI siglek esan gura dutena; hau da, Negozioetarako Nazioarteko Sarea; eta Debagoieneko taldean, negozio eta enpresa askotariko 25 lagun inguru dabiltza elkarlanean, zeinak egubakoitzero elkartzen diren, Arrasaten, 06:45ean. "Networking batekin hasten dugu saioa eta elkarrekin kafea hartzen dugu; ondoren, 07:00etan, batzarra hasten dugu.
 
Ordubeteko saioa izaten da eta atal honetan, besteak beste, kide bakoitzak minutuko aurkezpen bat egiten du, zer eskaintzen duen eta gainontzeko kideei nola lagundu diezaiekeen azalduz", azaldu du Idurre Albizuk, BNI Aukerako zuzendariak. Gaineratu du bigarren erronda batean lantaldeko kide bakoitzak beste kideengatik aste horretan zer egin duen azaldu behar duela; izan ere, BNIren lan sistemaren oinarrian dagoen filosofiagivers gain delakoa da. Hau da, norberak besteei ekarpenak egitea, eta alderantziz. Batzarra amaitzean, guztiak elkarrekin gosaltzera joaten dira, 09:00etarako bakoitza bere lanpostura iritsi dadin. "Aukera sinplea eta eraginkorra da, asteroko batzarren bidez elkar ezagutu eta elkarrekin lan egiteko aukerak bilatzeko", dio BNI Aukerako zuzendariak.

 

Parte hartzeko gonbita

Esan bezala, Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan egin ohi dute asteroko batzarra, baina gaur Bergaran, Agorrosin Ekintza Gunean, egin dute. "Gure asteroko ohiko bilera izango da, baina egubakoitz honetan Bergaran egin dugu, jende gehiago hurbiltzeko eta ezagutzera emateko helburuarekin, gainera, ez dugu baztertzen aurrerantzean Debagoieneko beste herrietan ere egitea", argitu du
Unai Etxebestek, BNI Aukerako kideak. Gaineratu du edonor izan daitekeela parte eta inongo konpromisorik gabe gerturatu daitekeela lantaldearen funtzionamendua gertutik ezagutzera.
 
"Enpresa handi edo txikietako ordezkariak zein autonomoak, izan daitezke, abokatuak, higiezin agentzietako eta beste hainbat zerbitzutako langileak eta metalurgia enpresetako ordezkariak ditugu lantaldean une honetan. Hori bai, garrantzitsua da aktibitate bakoitzetik ordezkari bakarra izatea, batzarretan enpresa ezberdinen artean harreman sare indartsuak sortzea baita helburua", dio Roberto Maiztegik, BNI Aukera Debagoiena-ko lehendakariak. Bestalde, argitu dute ez dagoela enpresako nagusi izan beharrik BNI Aukerako kide izateko; hain zuzen, langile izan eta enpresako ordezkari moduan joatearekin nahikoa dela. Batzarretara joateko interesa izanez gero, jakinarazi egin behar da, bniaukera@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz edo 699 49 52 49 telefonora deituz.
 

Mundu mailako ekimena

BNI ekimenak 8.000 lantalde eta 200.000 kidetik gora ditu munduko 70 herrialdetan eta BNIko kideek 9 milioi erreferentzia eta 10.500 milioi eurotik gora sortu zituzten euren enpresentzat mundu osoan zehar, Debagoieneko BNIren esanetan. Espainiako Estatuaren kasuan, 2018ko datuen arabera, BNI España erakundeak 119 lantalde eta 3.215 kide aktibo ditu eta azken hamabi hilabeteetan BNI España CNMko kideek 199.113 erreferentzia sortu dituzte, dagozkien enpresentzat 268.344 euroko balioarekin negozio itxian.
 
Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, hamabi taldetan banatutako 350 taldekide ditu BNIk. Horregatik guztiagatik, BNI Aukera Debagoiena-ko kideek azpimarratu dute enpresa sare honi esker ehunka enpresa elkarrekin harremanetan jartzen direla, "eta ez Debagoienean eta Euskadin soilik", nazioarteko merkatuetan ere bai. "Esaterako, gure taldeko kide diren pertsona batzuek munduan zehar daukaten sare hau aprobetxatzen dute lan bidaietan joaten diren herrialdeetan dauden BNI taldeekin harremanetan jarri eta elkarlana areagotzeko eta, horrela, mundu osoko enpresekin harremanak egiteko", dio Idurre Albizuk, BNI Aukerako zuzendariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak