Familian idatzitako 'Herensugeen itzulera' liburua aurkeztuko dute gaur

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko aza. 23a, 10:35

Denbora librea familian, elkarrekin, pasatzeko modua aurkitu du Errasti-De la Maza familiak. 'Herensugeen itzulera' ipuina idatzi dute elkarrekin: aitak, amak eta seme-alabek. Gaur aurkeztuko dute lana Kultura etxean, 18:00etan.

Ander Errastik hainbat liburu idatzi zituen 2009-2014 bitartean –kudeaketa industrialari buruzkoak–. Hala, Jon eta Maite seme-alabek zera galdetu zioten behin, bazkalorduan: "Zergatik ez dugu liburu bat elkarrekin idazten?'. Nik esan nien denbora asko behar zela horretarako, eta hobe zela ipuin bat idaztea. Hala hasi ginen proiektuarekin", gogora ekarri du Errastik.

Ideien mapa eta ilustrazioak

Buruan zeukaten ideia horiek mapa batean islatu zituzten lehenengo: "Zer gertatuko den, pertsonaiak identifikatu, euren garapena egin...". Horrez gain, ilustrazio batzuk egin zituzten eta istorioa 14 kapitulutan banatu zuten. Kapitulu bakoitzaren deskribapena ere egin zuten, eta istorioaren eta pertsonaien arabera nahi zituzten ilustrazioak identifikatzen zituzten.

Irakurzaletasuna bultzatu

Umeek irakurtzeko eta idazteko zaletasuna txikitatik dutela dio: "Bere garaian erabaki genuen etxean telebistarik ez izatea; hala, denbora libre hori beste zerbait egiten pasa dute. Adibidez, marrazteko zaletasun handia dute; eta horrez gain, beti ikusi izan gaituzte irakurtzen eta idazten", dio Errastik. Errastik ipuineko zirriborroak egiten zituen; ondoren, Jonek eta Maitek marrazkia lantzen zuten; eta, azkenik, aitak bukatzen zuen. "Marrazkiak noiz egiten nituen? Hegaldietan. Lan kontuengatik bidaiatzea tokatzen zait, eta denbora hori aprobetxatzen dut marrazteko", dio. Bi urteko lana izan da Herensugeen itzulera ipuina idaztea. Hiru ipuin atera dituzte: euskara-ingelesa, euskara-gaztelera eta gaztelera-ingelesa. Astean bertan jaso dituzte etxean liburuak –autoekoiztu egin dute–. "Oso pozik" geratu dira emaitzarekin.

Durangon egongo dira abenduaren 8an

40 orrialdeko ipuina da gaur aurkeztuko dutena, kultura etxean, 18:00etan –umeendako aurkezpena izango da, nagusiendako 19:00etan izango da–. 8-12 urte bitartekoendako lana da. Horrez gain, abenduaren 8an, 15:00etan, Durangoko Azokako Xaguganbara txokoan aurkeztuko dute lana. "Ipuin honetan, Jonek pisu handiagoa izan du. Mutiko arrunt batek misio bat izango du: dragoi batzuen aurka borrokatzea. Bada, dagoeneko bigarrenean lanean dihardugu eta neskatila izango da heroia", azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak