Bergarako Musika Bandaren disko berria, domekarako gertu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko aza. 16a, 12:52

Gaur, azaroak 14, aurkeztu dute Bergarako Musika Bandak apirilean zehar udaletxeko osoko bilkuren aretoan grabatutako 'Bergarako ereserkia eta elkarteen martxak II' diskoa. 500 ale kaleratu dituzte, eta domekan Santa Zeziliaren omenez frontoian (12:30) egingo duten "kontzertu berezian" jarriko dira salgai lehen aldiz, bost eurotan.

1832an sortu zenetik, Bergarako herriaren DNAn egon da musika banda, bergararren artean oso estimatua dena oraindik ere. Estimu horren adibide garbia da bandak hilero eskaini ohi duen kontzertua frontoian egin behar izaten dutela gerturatzen den jende kopuruagatik. Urtarrilean irekitako Seminarixoa, esaterako, ez da nahikoa –254 eserleku– gutxi gorabehera hilero 400 bat lagun elkartu ohi dituen emanaldi baterako.

Gaur egun, 66 kidek osatzen dute banda, eta, kaleratu berri duten diskoa aurkezteko eguaztenean egindako agerraldian adierazi zutenez, batez besteko adina 30 urteren bueltan ibiliko da. Hain zuzen, Bergarako Ereserkia eta Elkarteen Martxak II izeneko diskoa atera dutela da albiste orain. 750. urteurrenaren bueltan Kultura Mahaian landu zen diskoa argitaratzearen proposamena, eta, apirilean zehar udaletxeko osoko bilkuren aretoan grabatu ostean, 500 ale atera dituzte. Elkarteen martxak, batzuk San Martin jaietako danborradan entzun daitezkeenak, dira protagonista diskoan.

Kontzertu berezia eta sorpresak

Diskoak lehenengoz domekan jarriko dituzte salgai, bost eurotan, Santa Zeziliaren omenez frontoian (12:30) egingo den "kontzertu berezian". Ondoren, martitzenetik aurrera erosi ahalko dira, liburutegian edota Udaleko Kultura Zerbitzuan. Kontzertuaren aurretik, 10:30ean hasita, kalejira egingo dute alde zaharrean, eta, bandako zuzendari Alfredo Gonzalez Chirlaquek aurreratu duenez, sorpresak egongo dira kontzertuan.

Diskora bueltatuz, Pobres y alegres grabatu izana nabarmendu du zuzendariak: "Martxa hori ez da sekula grabatu eta bagenuen gogoa grabatzeko. Ezin da ahaztu Bitorianatxoren jaitsierarekin batera Pentekosteei hasiera ematen dien martxa dela, bergararren artean oso ezaguna". Kontzertuko egitaraua diskoko martxez dago osatua eta, tarteka, bandako kide Igor Larrañagak elkarteen gaineko zenbait datu emango ditu. Izan ere, asmoa da elkarte bakoitzeko ordezkari bat igotzea agertokira banderarekin emanaldian zehar. "Bergaran elkarteak oso errotuta daude, eta horien jarduna jendearen aurrean erakusteko aukera bikaina da. Horri elkartearen martxa entzutea gehitzen badiogu... Une oso polita izan daiteke", adierazi du Larrañagak.

Lete: "Hau Bergaran gertatzen da"

Udalarenak izan dira diskorako produkzio lanak. Hala ere, Elena Lete alkateak dio produktu berrirako "meritu guztia" bandarena izan dela. "Eskualdean akaso ez da ulertuko bandak duen harrera; hau Bergaran gertatzen da. Seminarixoa askoz egokiagoa litzateke soinu aldetik, baina ez da nahikoa. 400 bat herritar elkartu daitezke erraz bandaren edozein kontzertutan; domekan, berezia izanda, uste dut 700 ikusletik gertu egon gaitezkeela", gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak