Luciana Alfaro: "Pertsonen arteko desberdintasunak generoan, arrazan eta klasean oinarritzen dira"

Eneko Azurmendi 2018ko aza. 10a, 16:41

Bergarako Sortuk Eskola Herritarra jarri zuen martxan otsailean, eta horren baitan, feminismoa izan dute ardatz asteon. Astean zehar Hondarribiako alardearen inguruko gorabeherak jorratu dituzte, eta gaur 'Emakumea, arraza eta klasea' hitzaldia eskaini du Luciana Alfarok, Bergaran bizi den perutarrak –Martxanterak taldeko eta Emakumeen Mundu Martxako kide da–.

“Gai honetan gehiago sakontzeko, Luciana Alfaro Bergaran bizi den emakume perutarra ekarri dugu. Bere esperientzia pertsonaletik hitz egin du, eta eman digu zer pentsatu, zer hausnartu. Helburua izan da jakitea gure aldetik zer egin dezakegun arrazakeriarekin eta emakumeenganako zapalkuntzarekin bukatzeko, baita sistema politikoa aldatzeko nola eragin dezakegun ere”, adierazi du Maite Aristegik, Sortuko kideak. "Gizarte langintza ikasitakoa da Alfaro. Beti jardun izan du emakume taldeetan lanean, eta hemen ere hala dihardu", gaineratu du.

Aristegiren esanetan, munduko emakume ezberdinekiko enpatia izateko eta errealitate ezberdinak ezagutzeko aukera izan dute gaur. "Gertatzen zaiguna da, arraza zurikoak, Europan jaiotakoak eta klase ertain batekoak izanda, feminismoaren gaineko ideia bat daukagula, eta askotan oso urrun bizi ditugula haien sentimenduak, beharrak eta abar. Gure mundutik begiratzen dugu, maila altuago batetik nolabait, eta berak bere esperientziatik erakutsi digu pribilegioen mundu batean bizi garela, eta abantaila batzuk baditugula. Hor berdintasun baten alde ez badugu egiten eta besteak gu bezalakoak direla ez bagara konturatzen, sekula ez dugu mundu hau benetan hobea egingo", dio.

Luciana Alfaro

Alfarok azaldu duenez, gaurko saioan aztertu dutena da "arrazak eta klaseak pertsonen bizitzetan nola eragiten duten". "Guretzat garrantzitsua da, desberdintasunak deszentralizatzeko. Desberdintasun hauek ez dira soilik generoan oinarritzen. Bagaude beste modu bateko desberdintasunak jasaten ditugun pertsonak. Generoak, arrazak eta klaseak bat egiten dutenean, espazio honetan egoteko beste modu bat sortzen da. Saio honen helburua da aztertzea nola eraiki den arraza 1492. urteaz geroztik. Mugarri bat izan zen hori gure herriarentzat, Abya Yalarentzat".

Gaineratu du ez dagoela kategoria bakar bat pertsonak desberdinak egiten gaituena. "Sistema hau askoz konplexuagoa da, eta ulertu egin behar da nola eragiten duten pertsonengan arraza eta klasearen gaineko opresio sistema hauek". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak