Oier Bolibar: "Burujabetza energetikoaren aldeko trantsizioan gaude"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko aza. 9a, 09:00

Energia berriztagarriak berbagai izan ditu Oier Bolibarrek Bergarako Aroztegi aretoan, Zientzia eta Berrikuntza zikloaren barruan. Ingeniari bergararra energia fotovoltaikoaren sektorean dihardu eta masterra du energia berriztagarri eta jasangarrian.

Energia berriztagarriak badira benetako aukera?
Bai, zalantzarik barik. Gaur egungo datuek hori erakusten dute: egiten ari diren inbertsioak eta munduan ezartzen ari diren energia ahalmen berriak, berriztagarrien alorrean. Iaztik, energia berriztagarrietan gehiago inbertitzen da ohiko energia sektoreetan edo fosiletan baino.

Zerk eroan zaitu energia berriztagarrien sektorera?
Ulma Forjan ibilia naiz eta energiaren sektorean bagenuen harremana, petrolio enpresen lehen mailako hornitzaile ginelako. Horrek eman zidan jakintza bat. Bartzelonara bizitzera joan nintzenean, berriz, energiaren beste alor baten lanean hasteko aukera izan nuen, fotovoltaikoen sektorean, hain zuzen ere.

Oztopoak egon izan dira beti energia berriztagarrien aldeko apustu sendoak egiteko. Zergatik?
Interes handiak daude, energia nuklearraren edo gasaren alorrean dauden enpresak oztopo izan dira. Esaterako, Barack Obamak egindako apustuaren aurka agertu da Donald Trump, eta atzerapausoa gertatu da, ohiko energia fosilen alde eginez. Mariano Rajoyrekin ere antzeko zerbait gertatu zen. Krisiagatik ohiko enpresa elektrikoek bankuek bezala erortzeko arriskua zutela ikusi zuenean, haien alde egin zuen. Energia elektrikoen lobby-ak bultzatuta etorri zen fotovoltaiken moratoria.

Nafarroaren eta EAEn aldea nabaria izanik ere, euskal erakundeek energia berriztagarrien aldeko apustua egiten dute?
Ez. Euskadin ziklo konbinatuaren aldeko apustua egin zen. Energia eolikoan inbertitu da, baina oso lurralde txikia da gurea, Nafarroarekin alderatuta, esaterako. Gaur egun, egia da, lehen baino lehiakorragoa da fotovoltaikoa eta apustu sakona egiteko aukera badago. Eguzki plakek sortutako energia koka daiteke tokian, industria poligonoetan, eraikinetan, etxeetan, baserrietan… Eta ez dago fotovoltaiko poligono handiak egin beharrik.

Ez du oso inbertsio handirik eskatzen?
Gaur egun ez, eta inbertsioa amortiza daiteke erraz, diru-laguntzarik barik ere. Baserri batean, esaterako. 10.000 euroko inbertsioa nahikoa izan daiteke. Oztopotik jarriko ez duen lege-marko egonkorra beharko litzateke horretarako.

Paradigma aldaketa dator?
Bai, energiaren demokratizazioa. Orain arte, energia banatzaile handien mendean izan gara. Fotovoltaikoen eta Interneten bidez, norberak bere energia kudeatzea ahalbidetuko du, norberak sortutako energia sarera lotuz. Petrolio enpresa handiak, Total, Repsol… elektrikoetan posizionatzen hasi dira. Burujabetza energetikoaren aldeko trantsizioan gaude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak