Iraila ezkero zabiltzate lanean Bergaran. Zer moduz joan da lantokia martxan jartzeko prozesua?
Hala da; gaur egun 121 langile daude lanean Bergaran, eta, egia esan, lekualdatzea ez da erraza izan, baina, era berean, langileen inplikazioa azpimarratuko nuke. Epe motzean lortu dugu lekualdatzea egitea, eta pozik gaude.
Zer moduz egokitu zara kargu berri honetara?
Gureak-en ez naiz berria, zeren 28 urte daramatzat-eta enpresan lanean. Erronka garrantzitsua da, baina, aldi berean, ilusio handiz hartu dut kargu hau.
Nolako inbertsioa izan da Gureak-endako Bergarako planta martxan jartzea?
Planta berri hau martxan jartzea apustu garrantzitsua izan da Gureak-entzat. Lehengo eraikina berritzeko, 3,8 milioi euroko inbertsioa egin da; lehen faseko lanak egiteko, berriz, 2,2 milioi eurokoa. Azken batean, guztira, 6 milioi euroko inbertsioa izan da.
Pozik instalazio berriekin?
Planta industrial bat sortu dugu, aurreko planta berritzeko aukera eman diguna. Hala ere, planta batean langileak bizi direla, langileek bertan lan egiten dutela eta horri garrantzia eman diogula azpimarratuko nuke. Izan ere, deskantsurako gune berriak eta egokituak sortu ditugu, barruan zein kanpoan. Horrez gain, aipatu behar da, baita ere, formakuntzarako espazio bat sortu dugula.
Zer ekoizten duzue?
Bergarako planta kableatuen munduan mugitzen da. Gureak-ek daukan estrategia multiteknologiakoa da eta horrek plastikoa, elektronika, muntaiak eta kableatuak menperatzea ahalbidetzen du. Egiten ditugun kableak, esate baterako, automoziora bideratuta daude eta Seat, Audi eta halako markentzat egiten dugu lan.
Taberna-jatetxe-kafetegi bat aurreikusten da. Zer duzue buruan?
Gureak industrialde batean dago kokatuta eta hor ostalaritza mailan zerbait egiteko proiektua dago. Guk egindako hitzarmena onartu egin du Udalak, eta orain, proiektu hori zertan geldituko den ikusi beharko da.
Oraingoa lehen fasea izan da. Bigarren faserako plan berezi bat egitea dago aurreikusita.
Bigarren fase hori inguruan dauden tailerrei zein herriei zerbitzua emateko izango da. Bailarako tailer bat eraikitzeko aukera sortzen bada, gu prest egongo gara hori bideratzeko.
Bertan eraikita dagoena bota eta berriro eraikitzea aurreikusten duzue?
Bigarren faseko eraikina ez dago egoera onean. Aurreikusten dena da dagoen eraikina bota eta berri bat eraikitzea, baina proiektu hau 2020 eta 2021 bitartean burutzekoa litzateke. Beraz, Udalarekin egin beharreko tramite guztiak bideratuta daude. Izan ere, Udalarekin dugun konpromisoa da gune horretan proiektu industrial bat sortzea.
Labegaraietako plantan zertan diharduzue?
Labegaraietan bi tailer ditugu. Muntaien plantan 150 pertsonak egiten dute lan eta bestean, proiektu eta bezero berezientzat egiten da lan.
Nola egin dio aurre Gureak Taldeak krisi ekonomikoari?
Azkenengo bost urteetan, Gureak gai izan da urtero 200 postu berri sortzeko. Urtero, gainera, 10 milioi euro inguruko inbertsioa egiten dugu.
Zuen arloan erreferente zarete Europa mailan. Zertan asmatu du Gureak-ek?
Gureak-ek estrategian asmatu duela esango nuke. Horrez gain, Europa mailan, bi arlotan gara erreferente: alde batetik, modelo ekonomikoa azpimarratuko nuke, eta, bestetik, pertsonen zainketa.