Gobernuaren proposamenari oposizioak kontra bozkatu ostean eta EAJko Maite Agirrek bilkuran egoterik izan ez zuenez –EH Bilduko Leire Iruinek ere ez zuen egoterik izan, baina Agurne Barrusori delegatu zion botoa– Elena Lete alkatearen kalitate botoari esker onartu ziren 2019rako ordenantza fiskalak atzoko osoko bilkuran. Gobernuak zehaztu duenez, Maite Agirre zinegotziak ezin izan zuen bere botoa delegatu amatasun bajan egon arren Eudel-en arabera umea eduki artean ez daukalako delegatzeko eskubidea.
Hiru ideia nagusitan oinarritu du gobernuak 2019an bergararrek zergetan eta tasetan ordaindu beharrekoa: igoera orokorra KPIren araberakoa izatea –%2 eta 2,2 arteko igoera, diotenez–, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren tasa berritzea eta autofinantzaketarena izatea joera nagusia. "Ildo guztietan, herrira begirako ordenantzak dira. Egoera ekonomikoa hobetzen doa eta uste dugu denon artean esfortzu bat egiteko unea dela. Horregatik planteatzen dugu KPIren araberako igoera orokorra", esan zuen Elena Lete alkateak bilkuraren amaieran.
Berritasunen artean, Letek etxez etxeko zerbitzua nabarmendu zuen: "Batetik, arautegia moldatu dugu eta, bestetik, ordenantza fiskaletan hobekuntza aipagarriak egin ditugu. Bereziki hirugarren adinekoei begirako zerbitzua da eta mimatu beharrekoa; horregatik jaitsi dugu zerbitzuaren prezioa, Udalarendako zama aipagarri bat suposatuko duen arren".
"Progresibotasun falta"
EH Bilduren eta Irabaziren artean 29 emendakin partzial aurkeztu zituzten –16 EH Bilduk eta 13 Irabazik, azken honek osotasunera emendakina ere aurkezteaz gain–. "Ordenantza fiskaletan progresibotasuna [diru-sarreren araberako tipoak, hots, diru gehien duenak zergetan gehien ordaintzea] txertatzeko ekarpenak egin genituen baina gehienak eta inportanteenak ez dira onartu. Zerga askotan kontrajarriak dira ikuspegiak", uste du EH Bilduko Gorka Artolak.
Irabaziko Aiert Lizarraldek nabarmendu du ordenantzok ez dira behar moduan lantzen, Ogasuneko batzordeburu Rafa Amasorrainekin negoziazioa "gertukoagoa" izan dela aitortu arren: "Urte hasieratik lantzen hasi beharko lirateke eta horrela lortuko litzateke subjektibitate egoera orokor batetik objektibitate egoera batera pasatzea. Progresibotasun falta handia dute zerga eta tasa hauek".
Zubieta konpontzeko "beharra"
Zubieta kaleko auzokideen izenean, Jose Sanchez bizilagunak eskatu zuen 2016an abiatutako proiektua "osotasunean" garatzeko: "Gehiengo oso batek Zubieta kalea guztiz eraberritzeko beharra noizbait sentitu duela ikusita, jakin gura dugu ea noiz hartuko duen Udalak proiektu hori osotasunean garatzeko konpromisoa eta noizko egongo den inbertsio ekonomikoa; lehenbailehen izatea espero dugu. Artean, irisgarritasuna erabat bermatzeko espaloien itxuraldaketa premiazkoa da".
Alkateak dio badakitela kalearen egoera txarra dela eta horregatik abiatu zutela partaidetza prozesu bat 2016an: "Kanpoko finantziazioa aurkitu behar dugu eta obra noiz egin ahalko den erabaki; esaterako, seminarioko parkingarekin batera ezingo da egin". EH Bildu eta Irabazi bat datoz auzokideekin eta uste dute gobernuak ez duela gaia ondo kudeatu.
Flysch-eko zikinkeria hizpide
Bestalde, Deba-Zumaia biotopoko itsaslabarrean hainbat plastiko erakusten dituen Oier Bartolome surflariak grabatutako bideoa izan zuten hizpide, mozio bidez. Aldundiari eta Jaurlaritzari garbiketarako brigada bat sortzea eta plastikoen iristea saihesteko plan bat diseinatzea eskatu zuen udalbatzak; mozioa aho batez onartu zen.