Zeinu hizkuntza itzulpen zerbitzua eskainiko dute aurrerantzean, Bergarako Udalean

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko urr. 30a, 14:01

Herrian 255 lagunek dituzte entzumen arazoak, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezintasuna onartu dietenak, eta Bergarako Udalak martxan jarri du zeinu hizkuntza itzulpen zerbitzua, herritar guztiekin “komunikazioa eta gertutasuna” ziurtatzeko helburuz.

Herritarren arteko "berdintasun eta eskubideen parekatzea" bermatzeko asmoz abiatu dute Bergarako Udalean zeinu hizkuntza itzulpen zerbitzua.

Goizean egin duten aurkezpenean azaldu dute AransGi –Gipuzkoako Pertsona Gorren Familien Elkartea– bidelagun izan dutela itzulpen zerbitzua martxan jartzeko prozesuan, eta hauxe gaineratu du Ongizateko teknikari buru Xabier Legorburuk: "Zerbitzu xumea jarriko dugu martxan, baina eskaeren eta bilakaeraren arabera, moldatzen joan ahal izango garena".

Entzumen arazoak

Bergaran, entzumen arazoak dituzten 255 pertsona daude; horietatik 77k lehenengo mailako urritasuna dute; 85ek bigarren mailakoa; eta 50ek hirugarrenekoa. Datu horiek jaso ditu Udalak, Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Hiru zerbitzu nagusiak

AransGi-rekin batera zehaztuta, momentuz, hiru dira eskainiko dituzten zerbitzu nagusiak: batetik; herritar orok Udalaren aurrean egiten dituen kontsulta edo eskaeren tramitaziorako zeinu hizkuntza interpretazio zerbitzua jaso ahal izango du, hortaz, Udalaren aurrean edozein kontsulta edo tramitazio egiteko zein Udal langile edo Udal ordezkariekin komunikazioa bermatzeko interpretea izango du –hitzordua aurrez eskatu ahal izango da webgunearen bitartez edo udaletxean–; Udalak antolatzen dituen ekintzetan –ekitaldietan, prentsa agerraldietan, hitzaldietan, bisita gidatuetan...– zeinu hizkuntza zerbitzua eskaini ahal izango da; eta dagoeneko Udal webguneko zenbait eduki zeinu hizkuntzara egokitu dira eta lau bideo daude ikusgai.

AransGi-koak, pozik

"Aurrerapausu" moduan izendatu du hartutako erabakia, AransGi elkarteko ikasketa buru Mercedes Iñarrak eta gaineratu du, orain elkartekoekin lan egin beharko dutela orain arte izan ez duten zerbitzu hori erabiltzen ikasteko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak