Euskaraldian belarriprest rola hartuko dutenei zuzendutako mintzodromoa egin dute Bergaran, nahiz eta ahobizi batzuk ere gerturatu diren saiora. Lehenik, batzordekideek Euskaraldiaren gaineko informazioa eta xehetasunak azaldu dizkiete gerturatutakoei, eta ondoren, taldetan banatuta, hiru galdera multzoren gaineko hausnarketa egin dute:
1. “Behin batean euskaldun izatea erabaki nuen” Zer esan nahi du Karmelo Ayestak esaldi horrekin? ze iritzi duzu horren inguruan? Identifikatzen zara esaldi horrekin?
2. Izango zara belarriprest? edo ahobizi? Oztoporik ikusten duzu? nola animatu zara izena ematera?
3. Nola lagundu dezakegu ohiturak aldatzen? Zer eskatzen diozu euskaraz egiten duenari?
Saio honen helburua izan da belarriprest-ei entzutea. "Ze behar dituzten, ze beldur daukaten, izena ematera animatuko diren edo ez, eta abar. Horretarako, mintzodromo bat sortu dugu, euren artean harreman berriak sortzeaz gain, euskaraz berba egin ahal izateko. Beti ere, eroso egotea lehenetsi gura dugu eta haiei ere hala jakinarazi. Hau da, erosoen sentitzen diren hizkuntzan erantzun dezaketela", Maitane Arizabaleta Jarduneko langileak.
Era berean, izena emateko zalantzan daudenen edota hamaika egunetan nola jokatu ez dakitenen "beldur" edo "kezka" horiek argitzen saiatu dira Euskaraldiko batzordekideak, "bide horretan lagunduz".
Ahobizi ikuspegitik, "oso garrantzitsua da belarriprest-ak ulertzea eta animatzea. Guk ere, bide batez, ikasi egin behar dugu polikiago hitz egin behar diegula eta pazientziaz hartu behar dugula. Komunikazioa ez eteteko, badaude beste bide batzuk gaztelerara pasatu aurretik", azaldu du Arizabaletak.
'Belarriprest'-en kezkak
Herritarrek zenbait kezka azaldu dituzte saioan. Azken finean, hori izan da helburua. "Batzuek diote hamaika egunez guztia euskaraz entzuteak segurtasun eza suposatzen diela. Ezagutza mailaren araberakoa da hori. Badago profil bat guztia ulertzen duena baina euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duena. Baina badago beste profil bat euskara ez duena ondo ulertzen eta beldur dira ea gai izango ote diren guztia ulertzeko. Guk nahi izan duguna da sinestarazi posible dela eta, momenturen batean ezin bada, ez dela ezer gertatzen".
Euskaltegiko ikasleak
Saiora hurbildu diren hainbat belarriprest euskaltegiko ikasleak dira. "Guk Euskaraldia guztiei azaldu diegu, baina belarriprest izateak gutxieneko gaitasun bat eskatzen du, eta batzuk kanpo gelditzen zaizkigu,; hala ere, A2 mailatik gorakoek parte hartuko dute", azaldu du Alex Labaienek, euskaltegiko irakasleak.
Euskaltegitik kanpo ikasteko beste modu bat izango da Euskaraldia ikasleentzat. "Zabaltzen den ideietako bat da herria euskaltegi bihurtzearena. Oztopo batzuk apurtuko dituzte, eta interesgarria izango da. Gogoa eta ilusioa nabaritzen dut ikasleengan", dio Labaienek.