Zientziaren 'Leku Historiko' da Bergara

Txomin Madina Milikua 2018ko urr. 20a, 22:41

Zientziaren Leku Historiko izendapena jaso du gaur Bergarak Europako Fisika Elkartearen -European Physical Society, EPS- eskutik. Izendapena ziurtatzen duen plaka desestali dute Elena Lete alkateak eta EPSko presidente Rudiger Vossek Laboratorium museoan. Horren ostean, Seminarixoan izan da ekitaldi instituzionala.

Duela 200 urte baino gehiago Elhuyar anaiek wolframioa bertan aurkitu zutela eta, Europako Fisika Elkarteak -European Physical Society, EPS- banatzen duen zientziaren Leku Historiko izendapena jasotzen  44. tokia bihurtu da gaur Bergara. Gaur arratsaldean izan dira ospakizun ekitaldiak, eta berauetan parte hartu dute, besteak beste, Iñigo Urkullu Lehendakariak; Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak; Bergarako alkate Elena Letek; Donostia International Physcis Center-eko presidente Pedro Miguel Etxenikek; eta EPSko presidente Rudiger Vossek. Bergaran izan dira baita ere herriko hainbat zinegotzi eta zinegotzi ohi; Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte; Jakiundeko presidente Jesus Mari Ugalde; Batzar Nagusietako presidente Eider Mendoza; eta egunotan Donostian egiten dabiltzan HOPDSS2018 kongresuan parte hartzen dabiltzan nazioarteko 80 ikertzaile baino gehiago.

Ospakizunak Laboratorium musoean hasi dira, han desestali dute-eta Elena Letek eta Rudiger Vossek izendapena ziurtatzen duen plaka. Laboratorium museoan ez ezik, Errege Seminarioan ere jarri dute beste bat, bi lekuen garrantzia aitortuaz.

Ekitaldi instituzionala

Laboratoriumekoaren ostean, Seminarixoan izan da Jakiundeko presidente Jesus Mari Ugaldek aurkeztu duen ekitaldi instituzionala. Bertan, Elena Letek aipatu du izendapena jaso izana ohore "handia’’ dela eta eskerrak eman dizkie izendapena lortzeko lan egin duten guztiei. Alkateak azpimarratu du, era berean, Bergara aspalditik dela Euskal Herriko zientziaren sorgune, eta XVI. amaieratik berrikuntzaren aldeko apustua egin duela herriak.

Rudiger Vossek, bere aldetik, zientziaren Leku Historiko izendapena jaso duten tokien inguruko hainbat azalpen eman ditu, eta adierazi du bi arrazoi daudela Bergarari izendapena emateko: wolframioaren aurkikuntza eta elementu horrek egun ere duen garrantzia batetik; eta EPSk horrelako lekuak publiko orokorrari jakitera emateko duen nahia bestetik, erakusteko nolako garrantzia duten fisikak eta ikerketak eguneroko bizitzan.

Markel Olano diputatu nagusiak, ezagutzaren eta zientziaren garrantzia nabarmendu gura izan du; bere hitzetanm, ez bakarrik bizi baldintzak hobetzeko edo ekonomiaren ikuspegitik bakarrik, baita populismoei eta fake news delakoei aurre egiteko ere. “Ilustrazioaren balioak berreskuratu behar ditugu, horien artean, arrazoia eta zientzia”, esan du Olanok.

"Hobekuntza ez dago ziurtatuta"

DIPCeko presidente Pedro Miguel Etxenikek hitza hartu duenean, wolframioaren eta bere aplikazioen inguruko azalpenak eman ditu umorez zipriztindutako hitzaldian. Ezagutza gure garapen ekonomikoaren “lehengai nagusia” dela azpimarratu du, gero eta gehiago erabili, gero eta gehiago hedatzen dena. Euskal Herrian azken 38 urteotan zientzian eta ikerkuntzan egin diren aurrerapausoak ere aipatu ditu Etxenikek, baina ohartarazi du hobekuntza ez dagoela segurtatuta eta jendearen prestakuntza eta borondatea behar dituela: “Orain 200 urte Bergaran gertatu zena, ez zen kasualitatez gertatu, biztanleen lanaren fruitu izan zen. Hobekuntza, biztanle eta gizarte arduratsuen fruitu da”.

Iñigo Urkullu Lehendakariaren hitzaldia izan da ekitaldiko azkena. Esan du Juan Jose eta Fausto Elhuyarrek egindako aurkikuntza, garai hartan Bergaran zientziarako eta ikerketarako zegoen ekosistemaren ondorio izan zela. Europako Fisika Elkarteak egindako errekonozimendua, Euskadirentzat pizgarria dela gaineratu du: "Elhuyar anaien aurkikuntzaren kasuan bezala, orain ere berrikuntza dela etorkizunaren giltza".

Bergarako Abesbatzak eskainitako kantuekin eman zaio amaiera ekitaldiari.

European Physical Society

EPSk gaur egun Europako 42 fisika elkarte nazional batzen ditu, fisikaren arlo guztietako 130.000 norbanako eta erakunde batuz. 1968an sortu zenetik, fisikaren aurrerapena sustatzea; kontinenteko fisika komunitatearen interesak babestea; eta nazioarteko elkarlana bultzatzea ditu helburu.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak