Bergarako UNEDen eraikin berritua prest

Goiatz Arana 2018ko urr. 16a, 16:33

Aurreikusitakoa baino egoera kaskarragoan zegoen eraikina eta horixe izan da, hain zuzen, proiektuaren zailtasunik handiena; urtebete iraun dute birgaitze lanek eta harrizko egitura bakarrik mantendu ahal izan dute bere horretan. Erabilgarritasuna lehenetsi dute eta hezkuntza modu berriak aintzat hartuta hornitu dute.

"Eraikin funtzionala da orain. Saiatu gara espazioak irabazten eta espazio argiak lortzen; segurtasuna bermatuta, betiere. Jauzi kualitatibo izugarria izan da, oso aldaketa positiboa", adierazi du Esparzak.

Horrez gain, solairu bat gehiago du eraikin berrituak: beheko solairuan, harrera eta idazkaritza daude; bigarrenean, bulegoak; eta hirugarrenean eta laugarrenean, ikasgelak. Azken horietako batzuek, gainera, altzari bereziak dituzte, gaur egungo ikasketa ereduetara egokituta: "Etorkizunari begiratzen dioten altzariak dira, taldekako lanak eta proiektuak errazteko", azaldu du Aitor Zubia arkitektoak.

Eraikinak duen beste ezaugarri bat ate propioa da. Hauxe dio Esparzak: "Ikastolako sarrera izan da gure sarrera 40 urtez, eta orain, gure ate propioa daukagu, dagokion tokian, gainera, plazari begira. Ikusgarritasunaren aldetik ere irabazi dugu".

Hainbat zailtasun

Urtebete inguru iraun dute obrek, eta aurreikusitako epeak bete egin dira. Hala ere, "ustekabe" batzuk izan dira eta "erabaki garrantzitsuak" hartu behar izan dituzte egitura guztia egonkortzeko, aurreikusitakoa baino egoera kaxkarragoan zegoelako eraikina. "Jatorrizko planaren arabera, egitura mantentzea zen asmoa, baina toki askotan hori ez da posible izan, egurra ustelduta zegoelako. Espero ez genuen zerbait izan da, eta, hala ere, epeak bete egin ditugu. Alde horretatik ere pozik gaude", azpimarratu du Esparzak.

Lanak, hasiera batean, 1.382.356 eurotan esleitu zituen UNED Bergarak –BEZ barik–. Azkenean, 2.100.000 eurokoa izan da aurrekontua, UNED Bergararen webgunean argitaratuta dagoenez.

Ikasturte hasiera

Bestalde, urriaren 26an egingo dute ikasturte hasierako ekitaldia, udaletxean, 19:00etan. Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok hitzaldia eskainiko du. Azkenik, idazle eskolak bihar, zapatua, hasiko du ikasturtea, eta datorren egubakoitzera arte dago izena emateko aukera, 943 212 369 telefonora deituz edota arse@asmoz.org helbidera idatziz.

Erlazionatuak

UNEDen eraikina ezagutzen

Mirari Altube Arrese 2018 urr 16 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak