"Batu ezin izan garenok batzeko unea da orain"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko urr. 10a, 16:56

Orain Presoak dinamikak urriaren 20rako Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzeko dei egin dute "sentsibilitate anitzeko" pertsonek: "Urteetan sortutako arrakalak elkarrekin sendatzeko unea da; orain presoen auzia konpontzeko garaia da".

Herriko Gure Artera eta Sare ekimenek dei egiten duten Orain Presoak dinamikak urriaren 20rako Donostian antolatu duen manifestazioan parte hartzeko. Urriaren 20koa "herri honetan inoiz egin den mobilizaziorik handiena" bilakatzea gura dute antolatzaileek. Martitzenean egindako agerraldian "eremu askotako eta sentsibilitate anitzeko" pertsonak biltzea lortu zutela diote. "Guztion artean espetxeak husteko ibilbide-orri bat egin behar dugu. Guztion agenda politiko zein sozialetan sartu behar dugun aldarrikapen bat da. Herritar guztion bihotzetan sartuko den aldarria izatea nahi du".
 
Etorkizunari begira jarri gura dute: "Eta horretarako, iraganetik datozen oinaze eta min guztiak sendatzea ezinbestekoa da. Bide honetan izan diren eta diren biktima guztiek merezi dute egia, memoria eta erreparazioa. Norabide horretan sakondu behar dugu. Herritar gisa, guztioi dagokigu ardura hau gure egitea, guztiok merezi baitugu elkarbizitzan eta bakean oinarritutako jendarte batean bizitzea. Zuekin kontatu nahi dugu puntualki zenbait ekimen egiteko. Bidean elkartuko gara".

Espetxe politika aldatzea

Maiatzaren 4an Kanbon bizi izan zen ETAren desagerpenerako "egun historikoaren" ostean, "oraindik ere" 269 euskal preso euren senideengandik ehunka kilometrotara daudela salatu zuten agerraldian: "Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen-neurriak ezartzen zaizkie, Espainiako zein Europako legedien aurka doazenak, eta, presoa ez ezik, senideak, bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak ere zigortzen dituztenak". "Bakean eta adiskidetuta" bizi den jendartea aldarrikatu zuten Gure Arterak eta Sarek eta adiskidetzea prozesu "konplexu bezain beharrezko" moduan ulertzen dute.
 
Hori guztia lortzeko, diotenez, "ezinbestekoa" izango da espetxe politika aldatzea: "Espetxe-politika hau iraganean kateatuta dago eta ez-ohiko lege batean oinarritzen da. Etorkizunera begira jartzeko garaia da. Gure ondorengoentzat guri aurrekoek utzi zigutena baino etorkizun hobea eraikitzeko aukera dugu. ETA desagertu den honetan, ez dugu sufrimendu gehiago sortzen duen politikarik nahi". Batasunerako deia ere egin dute: "Urteetan sortutako jendarte-arrakalak elkarrekin sendatzeko unea da. Orain. Batu ezin izan garenok batzeko garaia da. Orain, presoen auzia konpontzeko unea da".

Lau lehentasun zehaztu dituzte

Martitzen iluntzeko agerraldian nabarmendu zutenez, lau dira bereziki "lehenbailehen" konpondu beharreko lehentasunak. Lehena, diotenez, urruntzea da: "Asteburu guztietan ehunka senide ehunka kilometro egitera behartzen ditu". Bigarrenik, larriki gaixo dauden presoak askatzea eskatzen dute: "Egun gutxiko bizia geratu aurretik, gaixorik dauden presoek behar bezala artatzeko eskubidea dute, hemen eta orain". Hirugarrenik, "Europako legediak dioen moduan", bi estatuetako zigorren batuketaren aplikazioa eskatzen dute eta, azkenik, lehen graduen aldaketa ezinbestekotzat jotzen dute: "Euskal presoek lehen graduan betetzen dute zigorraren %100, eta hori legearen kontra doa".

Autobuserako txartelak

Lau tokitan erosi ahal izango dira autobuserako txartelak: Osintxun, Pol-Pol eta Arrano tabernetan eta Konde Panaderokuan. Autobusa Ibargaraiko geltokitik irtengo da, 15:30ean.
 
 
 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak