Bizilagunek zubia itxi behar bada pasabide alternatibo bat eskatzen dute euren egunerokoa ahalik eta gutxien baldintzatzeko eta kexu dira Udal Gobernuak ez duela behar den moduan informatu.
Argazkia: Zubietako bizilagun talde baten protesta atzo, San Martin plazan.
Bizilagunek protestan jarraituko dute bide alternatibo bat lortu arte
Informazio eza da haserrea agertu duten bizilagunek adierazi dutena eta bide alternatibo bat egokitu arte protestan jarraituko dutela dio bozeramaile lanak egiten diharduen Sofia Gimbertek: "Bere garaian kexatu ginen eta eskatu genion udaletxeari bereziki espaloiak zabaltzea. Zirkulazioa handia egoten da kale horretan eta zailtasun handiak izaten ditugu. Kontua da orain, bizilagun askok ezer jakin gabe, auzora heltzeko ezinbestekoa zaigun zubian hasi direla obrak. Zubiko obrekin ados gaude baina pasabide alternatibo bat eskatzen dugu eta hori lortu arte protestan jarraitzea da gure asmoa".
Bide alternatiborik ez, alternatibak bai
Alkateak dio URA agentziak ez duela ahalbidetzen oinezko pasabide bat egitea eta hobeto informatu ahal zela onartu arren, proiektuaren gainean ezagutza egon bazegoela. "Uholde arriskua dela-eta URA agentziak dio bertan ezin dela egiturarik jarri; eskari horrek ez dauka ibilbiderik. Bizilagunekin landu dugu eta esango nuke neurri baten adostu dugula erraztasunak ematen saiatuko garela eguneroko afekzioak ahalik eta txikienak izan daitezen. Hori bai, obra guzietan bezala, zailtasunak egon egongo dira", adierazi du Elena Letek.
Gainera, Udal Gobernuak prentsa ohar bidez jakinarazi zuen, besteak beste, Udalak jarraipena egingo diola obra egiteko esleituta dagoen enpresari ahal den guztietan oinezkoak zubitik igarotzea ahalbidera dezan. Baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pertsonei herribus edo taxibus zerbitzua erabiltzeko bonifikazioa erraztea erabaki dute.
Lanak udaberrian ziren hastekoak
Gogora ekarri behar da zubiko lanek atzerapen nabaria izan dutela, lanak esleituta zituen enpresak, lan karga handia zuela-eta ezin lanak hasi zebilela, azkenean, kontratua eten zuelako. Lanak otsail eta martxo artean hastea aurreikusten zen.
Kontratu etetearen ondorioz, berriro egin zen esleipen-deialdia, eta Goitu Eraikuntzak enpresa izango da arduraduna. Lanek 313.864,20 euroko aurrekontua dute (BEZa barne) eta lau hilabete inguruko iraupena izatea aurreikusten du Udalak.