Zubieta auzo zaharra izanik gaur egungo beharretara egokitzeko zailtasunak argiak dira eta bizilagunek bizi dituzten oztopoak handiak. Espaloiak ez dira egokiak eta trafiko handiarekin batera gurpildun aulki edo ume-jarlekuekin ibiltzea ia ezinezkoa da. Zer esanik ez halako bik gurutzatu behar izango balute. Duela bi urte udalarekin izandako auzotarren bileretatik atera zen eskari nagusia arazo hauei irtenbidea ematea izan zen.
Arazo hauek konpondu aurretik zubiaren obrarekin hasteak auzotar askoren haserrea sortu du.
Alde batetik orain udalak aurrera eraman nahi duen obra EH Bilduk begi onez ikusten duela esan beharra daukagu. Zubiaren irisgarritasuna hobetu eta zubiaren izaera historikoa indartzeko balioko du eta bukatutakoan auzoarentzat ona izango dela uste dugu.
Kontrara, udalak auzotarrekin izandako komunikazio falta eta eramandako prozesua salatu beharrean gaude. Auzotarrak ez dituzte behar bezala informatu. Ez zaie azaldu zergatik parte hartze prozesu batetik atera ziren beharrei lehentasuna eman beharrean, zubiaren eraberritzea lehenesten den. Ez eta obrak iraun bitartean izango duen afekzioari inolako irtenbiderik eskaini.
Udal gobernuak arduragabekeriaz jokatu du eta oposizioko taldeek, Irabazi eta EH Bilduk eskaini behar izan diegu falta zuten informazioa auzotarrei.
Udal gobernuaren ardura zen:
-Orain egingo den obra 3 fasez osatutako proiektu baten parte dela eta 2. eta 3. faseek Zubieta kaleko irisgarritasuna bermatzea helburu dutela azaltzea.
-Zubiaren obra lehenesteko arrazoia obra honetarako diru laguntza handi baterako aukera zegoela izan dela jakinaraztea. Zubiaren obraren %73 diru laguntzetatik ordainduko da eta beraz lehenago edo beranduago egin beharreko obra izanik, ahalik eta koste txikienarekin egiteko aukera bezala ikusi da.
-Informazio guztia garaiz eta xehetasunez emanez, bizilagunen kezkak entzunez eta edukiko lituzkeen eraginak aurreikusiz auzotarrei alternatibak eskaintzea.
Tamalez EAJ-PSE gobernu honen ohiko funtzionatzeko modua da gatazka hau sortu duena. EH Bilduk legealdi osoan salatu duen bezala Udal Gobernuak herritarrekin kontrastatu eta behar bezalako parte hartze prozesuak aurrera eraman gabe hartzen ditu erabakiak eta oraingoan argi gelditu den bezala ezinegona sortzen du jokaera honek.
Berandu bada ere, obra honek auzotarrengan duen eragina ahalik eta txikiena izateko neurriak har ditzala eskatzen diogu Udal Gobernuari.
Bergaran 2018ko urriaren 1ean.
Bergarako EH Bilduko ordezkaria.