Hamar minutuko atzerapenarekin hasi zen iraileko osoko bilkura, azken orduan zerrendatik kanpo sartu beharreko gai batek eraginda: legeak babesten duen EH Bilduko zinegotzi Gorka Artolaren liberazioa %50etik %100era pasatzea; 31.355'63 euroko soldata izango du urtean.
Gai zerrendatik kanpo landu zen, aldi berean, etxeko laguntza zerbitzuaren tasa arautzen duen araudiaren aldaketa bat. Irabaziko zinegotzi Aiert Lizarraldek kexa azaldu zuen bi gai horien "azken orduan" sartu izana: "Inork ez dit abisatu, inork ez dit lanera deitu bi gai horiek sartuko zirela esateko. Orain erabaki bat prisaka hartu beharko dut; ez da funtzionatzeko modua".
Euskaraldiaren sustatzaile
Gai zerrendan zegoen puntuetako bat zen Euskaraldia babestearena. Udalbatzak aho batez onartu zuen Euskaraldiaren sustatzaile izateko adierazpena eta, besteak beste, onartu zen Bergarako Udalak "erantzukizunez eta eredugarritasunez" jokatuko duela ekimena sustatzeko orduan. "Bergarako Udalak, udal barruan ez ezik udalerrian ere, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldiko ekimenean parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko ditu".
Meza San Martin jaietako egitarauan iragarri izana
Eztabaida gehien galdera eta eskaeren tartean piztu zen. San Martin jaietako egitarauan meza nagusia Udalak antolatutako ekitaldi moduan –bestelako bereizgarri gabe– iragarri zela salatu zuen EH Bilduk, eta gogora ekarri zuen Udalaren izaera laikoa defendatzen zuen mozio bat onartu zela Pentekosteetan gauza bera gertatu zelako. Gobernuak dio hori iragarri izanak ez duela aldez aurretik onartutako mozioaren aurka egiten eta oposizioak uste du baietz.
Gero, Irabaziko Aiert Lizarraldek ere helduen danborradaren osteko San Martin Agirreren heriotzaren errepresentazioa "zaharkituta" geratu dela salatu zuen eta jai ereduak XXI. mendera eguneratzea behar duela dio. Kultura zinegotzi Maite Agirrek Lizarralderi gogora ekarri zion helduen danborradan 20 taldek hartu zutela parte eta talde horien guztien artean antolatzen dela martxa eta errepresentazioa. Elena Lete alkateak eztabaidarekin amaitu zuen esanez ez dela berak zuzentzen duen gobernua izango "horren arrakastatsua" den ekimena kentzea proposatuko duena.