Urteurrena sabelean, 'Tranpantojua'-ri esker

Iker Oñate 2018ko eka. 29a, 13:15

Gastronomiaren alorra ere hartu du hiri-gutuna gogora ekartzeko egitasmoak. Hain zuzen ere, urte bereziko pintxoa aukeratu zuten maiatzean: Tranpantojua. Eta hori dastatzeko aukera izan da asteon, Oxirondo azokan eta tabernetan.

Asko dira hiri-gutunaren 750. urteurrenaren aitzakiapean antolatu diren ekimenak; urte berezirako pintxoa aukeratu dute, tartean. Hain zuzen, maiatzean egin zuten lehiaketa –herriko bederatzi elkartek esku hartu zuten bertan–, eta, orain, epaimahaiak hobetsitako pintxoa dastatzen hastea dagokie bergararrei. Hain zuzen ere, Madura elkartearen proposamena izan zen puntuazio handiena lortu zuena: Tranpantojua.

Horren bidez, Bergarako bi postre irudikatu gura izan ditu elkarteak: tostoia eta erreilenoa. Herriarekin lotura izan behar baitzuen urteurreneko pintxoak, ezinbestean. "Herriko postre tipikoak irudikatu gura izan ditugu. Batetik, txigortutako ogia eta artoa erabili ditugu Tostoiaren antza emateko. Eta, bestetik, txanpiñoia eta maionesa –azafrai pixka batekin– erabili ditugu erreilenoa irudikatzeko", argitu du Ainhoa Bengoak, Madura elkarteko presidenteak.

Besteak beste, tabernek egiteko "erraza" izan zitekeen pintxoa sortzea zen Madurakoen asmoa. Eta hori ere aintzat izan zuen epaimahaiak. "Egiteko erraza litzatekeen pintxoa sortu gura genuen, tabernenetan-eta egin beharko zuketela kontuan izanda", azaldu du Jonbi Bengoak, elkarteko kideak.

Herritarren gustuko

Esan moduan, maiatzean aukeratu zuten urteurreneko pintxoa. Eta asteon zabaldu dute herritarrengana.Besteak beste, Oxirondo azokara hurbildutakoek eguaztenean dastatu zuten Tranpantojua. Eta atzo eroan zuten zenbait tabernatara, pintxo-potera. Eta gaur, barikua, banatuko dituzte Matxiategiko tabernetako pintxo-potean.

Oro har, orain arte, harrera ona izan du pintxoak. "Oso ona dago. Arina da. Eta gozo puntua ematen dio txanpiñoien erdian dagoen saltsak. Erraz jaten da", dio Oxirondo azokara hurbildutako herritarrak. Eta bide bereko adierazpenak egin ditu beste batek, pintxoa dastatu berritan: "Osagaiek ederto egiten dute bat pintxoan. Gustura jaten da Tranpantojua".

Urteurreneko gozoa

Bestalde, Basque Culinary Centerrekin batera, gozo bat sortzen dihardute 750. urteurrenaren harira. Zehatz esanda, Bergarako erreilenoa oinarri, herriko ikurretako bat den wolframioari keinu egin gura izan diote bultzatzaileek. Aurki emango dute horren berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak