Eztabaidan, besteak beste, gezurretan aritzea eta udal idazkariaren profesionaltasuna zalantzan jartzea leporatu ziren. "Irabaziko ordezkaria gezurretan ibili da eta horrez gain, udal langile baten profesionaltasuna eta objektibitatea zalantzan jarri ditu; halako salaketarik ez dugu sekula ikusi osoko bilkuren areto honetan. Leporatu digu txosten juridiko baten zentzua eta idazketa desbideratu izana eta hori onartezina da. Halako errespetu falta, gezur eta irainik ez dut sekula ikusi", adierazi zuen Elena Lete alkateak bilkuraren amaieran.
Aiert Lizarralde ere haserre irten zen bilkuratik: "Komunikazio ikuspegitik ez naute errespetatzen; e-mailez edo whatsappetik izan, mareatzen ibiltzen dira. Ez didate uzten Irabazitik egiten dugun lana aurrera ateratzen. Udaletxea euren kortijo bihurtu dute; txakur kaken gaiarekin euren boto-emaileak direnak etorri zaizkit zerbait egiteko eskatzera". Udal idazkariaren txostena zalantzan jarri izanaren inguruan galdetuta, Lizarraldek dio egon direla beste kasu batzuk txosten bati kontra-txostena aurkeztu behar izan dutela: "Alkateak esan dezake nahi duena, baina nik nire taldeko teknikarietan sinisten dut eta hor esperientzia luzeko abokatuak, ingeniariak eta bestelakoak daude. Niri adarrik ez jotzeko".
Mozioko eskaeren artean txakurren DNA errolda bat egitea eskatzen zuen Irabazik, baina idazkariaren txosten juridikoa aztertzeke dutenez gaia hurrengo bilkuran landuko dute.
Udaltzaingorako araudi berria
Bestalde, udaltzaingorako araudi berria onartu egin zen EAJren eta alderdi sozialistaren aldeko botoekin, EH Bilduren kontrakoekin eta Irabaziren abstentzioarekin. Araudi horrek Bergararako udaltzaingoaren eredua ez duela definitzen uste du EH Bilduk.
LGTBIQ eta 'La Manada'
Amaitzeko eta ñabardurak ñabardura, ekainaren 28an LGTBIQ kolektiboak ospatuko duen Harrotasunaren Egunaren aldeko eta sexu diskriminazioaren aurkako eta La Manada auziko auziperatuak askatu izana salatzeko adierazpen instituzionalak aho batez onartu ziren.