"Pertsonaia ezaguna dugu Telesforo Monzon, izen ezaguna, baina material gutxi dago bere inguruan, ez dago bere biografiarik". Hori dela eta, Pako Sudupe idazleak bergararraren biografia idaztea erabaki du, eta komunikabideen aurrean aurkeztu ondoren, datorren eguenean aurkeztuko die herritarrei, Monzonen jaiotetxean, Olaso etxean.
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-k sartu zion Suduperi harra Monzoni buruz idazteko. "Berak esan zidan abertzale handi bat izan zela, eredugarria", dio liburuaren idazleak.
Olaso dorretxean, Euskadiko Artxibo Historikoan, Sabino Arana fundazioan, Tolosako Artxibo Probintzialean, Irujo artxiboan, eta abarretan arakatu du Sudupek, eta hainbat elkarrizketa egin ditu. Horren ostean, berretsi du "Monzon gizon handia" izan zela, "euskal abertzaletasunak eta, oro har, Euskal Herriko politikak XX. mendean izan duten bilakaera ulertzeko pertsona ezinbestekoetako bat".
Aristokrata abertzalea
Telesforo Monzon Bergaran jaio zen, 1904an, familia dirudun batean. "Garai hartan, zaldunen eta langileen herria zen Bergara. Hura zaldunen familiakoa zen. Amaren gonapean ibili zen txikitan; izan ere, 9 urte zituela hil zitzaion aita". Ama Sevillakoa zen, eta lursailak zituen Andaluzian. Arreba bat Avilan bizi zen, eta askotan joaten ziren hari bisitan. Normalena hara bizitzera joatea zen, baina ez zen hala izan", kontatu du Sudupek.
Bere gurasoek denbora luzea pasatzen zuten Donibane Lohizunen. Hain zuzen, han hil zitzaion aita. "Bere bigarren herria zen, nolabait. Beraz, iparraldea eta hegoaldea lotzeko ezaugarri egokiak zituen".
Familia aberatsekoa izanik, "ez zuen zertan politikan sartu, lasai asko bizi zitekeen bestela ere". Zuzenbide ikasketak egiteko saiakera egin zuen Madrilen, Murtzian eta Oviedon. "Hala ere, hamar urtean hamar ikasgai besterik ez zuen gainditu, ikasle txarra zen".
1926an, soldadutza egin zuen, Donostian, eta bukatzean, "desmarkatzen" hasi zen, "bere klasetik urruntzen". Suduperen esanetan, euskarak garrantzi handia izan zuen horretan. "Txikitan euskara bazekien, baina nolabaiteko euskaldun berria zen. Gaztelania eta frantsesa ikasi zituen, eta euskara pixka bat ahaztu egin zitzaion. Beraz, euskara berreskuratzen hasi zen. Esaten zuen bere familiak gauzak ondo egin zituela, oro har, baina euskara gutxietsi egin zutela zioen". Hori dela eta, "jeltzaletu" egin zen. EAJko kide eta Eusko Jaurlaritzako kontseilari izan zen.
1931n, hitzaldiak egiten hasi zen. Lehenengo hitzaldia Elgetan eskaini zuen, baserritar batzuen aurrean, eta bigarren errepublika aldiko bost urte haietan 250 hitzaldi inguru egin zituen.
1953an, ordea, alderditik urruntzen hasi zen, eta, 1960ko hamarkadan, "inoiz baino posibleago ikusi zuen zazpi lurraldeak elkartzea eta askatasuna lortzea".
Franco hil ostean, Herri Batasuneko "buruzagi karismatiko" bihurtu zen. "Hura demokrata zen, herriaren erabakietan sinesten zuen. Independentziaren aldekoa zen, eta Euskal Herrian erabakitakoa onartzeko prest zegoen. Iruditzen zitzaion askatasuna irabazita zegoela, eta, borroka armatuarekin, desobedientzia zibilarekin, eta abarrekin, Euskal Herriak lortuko zuela estatu bat izatea".
1981ean hil zen, Baionako Grenet klinikan, miokardio-infartu baten ondorioz, Eusko Legebiltzarreko diputatu zela.