Horrez gain, Bergarako emakumeen eta gizonen berdintasunerako kontseiluaren eraketa eta arautegiaren hasierako onarpena eman zitzaion atzoko osoko bilkuran, Irabaziren abstentzioarekin. Elena Lete alkatearen ustez, urrats garrantzitsua da atzo emandakoa.
Prozedura arazoak, beste behin
Bestalde, prozeduraren inguruko eztabaida protagonista izan zen beste behin. Atzokoan Irabazik aurkeztutako bi moziotan, lan prekarietatearen inguruan bata eta Bigarren Errepublikaren aldekoa bestea, prozedura izan zen eztabaidagaia mozioaren edukia bera baino gehiago. Gobernuak Irabaziren bi mozioei aldaketak proposatu zizkien, baina Aiert Lizarralderen arabera, mozioa aurreko eguenean erregistratu ostean aldaketak osoko bilkura baino bost ordu lehenago proposatzea errespetu falta bat da.
Bi mozioek aurrera egin zuten; lehenean EAJren eta alderdi sozialistaren abstentzioarekin eta bigarrenean Irabaziren aldeko botoarekin eta gainerako talde guztien abstentzioarekin.
Alde zaharreko zoruari emandako trataera
Amaitzeko, galderen eta eskaeren tartean, EH Bilduk Bidekurutzeta kalean lurrari emandako trataera baten gaineko zalantza plazaratu zuen. "Bidekurutzeta kalean lurrari tratamendu bat eman zitzaion, oinezkoen eta autoen arteko elkarbizitza baterako. Orduan alkateak esan zuen tratamendu horrek ez zuela alde zaharreko plana errespetatzen; gero konturatu gara Komenioko aldapan tratamendu bera eman zaiola", dio Agurne Barrusok. Alkateak, berriz, beste ikuspegi bat dauka: "Mizpirualde egoitzako asebetetze inkestetan, urtero azaltzen zen kale horren egoera oso eskasa eta larria zela eta horregatik bideratu dugu asfaltatze prozesu bat; eta ez hormigonatzea, Bidekurutzetan egin den moduan".