Bergarako Fraiskozuri kaleko ur fekalen kanalizaziorako lanak, "martxa onean"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko api. 3a, 16:13

Bergarako Fraiskozuri kaleko zenbait atarteren saneamendu kanalizazioak apurtuta daude eta horiek konpontzeko lanak, Udalaren arabera, "martxa onean" doaz. Lanen bi fase gauzatu dira eta hirugarren fasekoak Aste Santuko oporren ostean hasiko dira. Obra guztiaren aurrekontua da 262.395 eurokoa eta Construcciones Artzamendi S.A. enpresak dihardu lanokin.

Fraiskozuri plazako hainbat eraikinetan ur fekalen kanalizazio egokia egitea falta zen; batzuetan aurrez ez zegoelako eta beste batzuetan apurtu zelako. Hala, Deba ibaiari onura egin, ingurumenaren alde egiteko eta eraginkortasunean hobetzeko Udala esparru horretan hainbat lan egiten ari da. Esku-hartze horiei esker, ibaiaren ur kalitatea "asko" hobetu da, Udalaren arabera.

Udalak aditzera eman duenez, Fraiskozuri kaleko 3., 4. eta 5. atarteak batzen dituen eraikina Deba ibaiaren gainean eraikita dago, eta haren saneamendu kanalizazioak, ibaira arte heltzen zirenak apurtuta daude. Horregatik, ur isurketa ibaira joaten da zuzenean.

Pilotalekuaren alboko eraikinean, berriz, saneamendua frontoiko paretatik barrena isurtzen da, eta Fraiskozuri kaleko 3. solairuan plaza azpitik joaten da. Bertara frontoiko eta 2. atarteko isurketa egiten da; baina egoera txarrean zegoen eta 3. atartearekin batera isurketa ibaira zuzenean egiten da.

Azkenik, 1. atarteko urak ere, hainbat arazo direla medio, ibaira isurtzen dira.

Hirugarren faserako, emari txikia komeni

Horren aurrean, Udalak honako ekintzak gauzatzea erabaki zuen: kanalizazio berri bat sortu eta hainbat arketa berrirekin 1, 2, 3, 4 eta 5 atarteetako isurketak eta frontoikoak bideratzea. Azken fasea egiteko komeni da ibaiak ur gutxi eramatea.

Orain arte bi fase egin dira 169.450 euroko inbertsioarekin, eta hirugarrena hastear dago 92.945,55 euroko aurrekontuarekin. Obraren ardura Construcciones Artzamendi S.A. enpresak izango du. Hirugarren fase honetan erreka gainean dauden hiru atarietako etxebizitzetan egingo dira interbentzioak. Horrela herri erdialdeko ia ur zikin guztiak Mekolaldeko araztegira bideratuko dira.

Udaletik azaldu dutenez, Deba ibaia biziberritzeko ekintzen barruan "pauso nabarmena" da honako hau: "Bergarako herrigunean zentzu horretan puntu beltzena izan dena zuzendu egiten da; hiru urtetako lanei esker 100 bat etxebizitzetako isurketak araztegira eramango dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak