Pentsioen gaineko mozio bi eztabaidatu dituzte martxoko osoko bilkuran

Oihana Elortza 2018ko mar. 27a, 16:03

Pentsioen gaineko mozio bana aurkeztu zituzten Bergarako pentsiodunek eta San Joxepe erretiratuen elkarteko kideek atzo, martxoak 26, egindako ohiko osoko bilkuran.

Euren egoera zein den azaltzeko eta eskubideak aldarrikatzeko mozioa aurkeztu zuten Bergarako pentsiodunek martxoko osoko bilkuran, atzo hain zuzen ere. Udalbatza osatzen duten alderdiei babesa eskatu zieten eta lau alderdiek eman zieten. Aho batez onartu zuten mozio hori. Pentsiodunek esan zuten ez dabiltzala limosna eske, euren eskubideak aldarrikatzen baino, eta pozik hartu zuten udalbatzak emandako babesa.

Pentsioei lotuta, beste mozio bat aurkeztu zuen San Joxepe erretiratuen elkarteak. Mozio horrek aurrekoaren puntu denak batzen zituen bat izan ezik: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa jasotzeko aipamena. Iñaki Arregik irakurri zuen mozio hori eta haren esanetan "Gizarte Segurantzaren transferentzia" egiten ez den bitartean ezin da hori lortu. Asanbladako kideek ez zuten mozio hori ondo hartu. Gonzalezen esanetan "orain arteko bileretan inork ez du hitzik hartu atzo eguerdian mozioaren berri jakin zuten arte eta euren iritzik, EAJtik edo PSEtik etorritako abisu baten ondorioz egin dute mozio hori".

Xingola horia

Gai zerrendatik kanpo bozkatu zuten San Joxepe elkarteko mozioa, EAJren, PSEren eta EH Bilduren botoekin onartu zuten. Irabazi abstenitu egin zen. Baita gai zerrendatik kanpo landutako Kataluniako auziarekin EAJk eta EH Bilduk adostutako adierazpen instituzionala bozkatzerakoan ere; PSEk aurka bozkatu zuen. Osoko bilkuran xingola horia zuten soinean EAJko eta EH Bilduko zinegotziek. Aiert Lizarralde zinegotziaren esanetan, gai batean zein bestean prozedura, lana egiteko modua, izan da abstentzioaren arrazoia, ez gaia bera.

Azterketa geologikoa Boluan

Duela 14 hilabete Bolua auzoan egondako lur-jausiaren ondorioz inguru hartan egin dituzten azterketa geologiko-geoteknikoak burutzeko, lur sail horien jabe batzuekin adostutako hitzarmena aho batez onartu zuen udalbatzak. EH Bilduk, baina, horren gainean informaziorik jaso ez dutela adierazi zuen. Alkateak erantzun zien hitzarmen guztiak batera onartzea zela asmoa baina ezin izan dela eta bi bizilagun horien lasaitasunagatik adostu dituztela orain arteko hitzarmenak.

Gai zerrendako beste puntuen artean, bestalde, Euskaraldia ekimenean parte hartzea onartu zuen udalbatzak aho batez, Jardun elkartearekin eta herriko beste eragile batzuekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak