Udaletxeko pleno aretoa txiki gelditu da gaurkoan, Pol-pol mendizale elkartearen 75 urteetako ibilbidea batzen duen liburuaren aurkezpenean. Pol-Pol M.T. Bergarako historia sozial bat. 1942-2017 da liburuaren izenburua eta bertan hamarkadaz hamarkada mendizale taldearen historia eta anekdotak batu ditu gaur "hunkituta" azaldu den Miguel Angel Elkoroberezibarrek: "Areto hau horrela ikustea hunkigarria da eta apur bat ardura ere proportzio berdinekoa da. Benetan hunkituta nago eta benetan pozik zuek hemen ikusteagatik. Eta hau froga argia da Pol-Pol herrian zeharo errotuta dagoela, bere historia duela, eta argi dago etorkizun oparoa ere izango duela".
Aurkezpena hasi aurretik eta bukatu ondoren liburuak sinatu eta sinatu ibili da Elkoroberezibar, herritarrekin solasean, anekdotak gogoratzen.
Egileaz gain, Pol-Pol-eko presidente Bittor Alberdi, Elena Lete alkatea eta Gipuzkoa Mendi Federazioko presidente Lauri Urkiza izan dira aurkezpenean. Pleno aretoan, gainera, Pol-pol mendizale taldean ibilitako eta liburuan parte hartu duten herritar asko izan dira. Elena Lete alkateak liburua Udal pleno aretoan aurkeztea bergararrendako "momentu garrantzitsua" dela azaldu du. Lauri Urkizak, bestalde, Pol-pol Gipuzkoako Mendi Federazioarendako erreferentzia argia izan dela eta dela azpimarratu du.
Ekitaldi amaieran Alai taldeak mendiarekin lotutako hiru abesti kantatu ditu. Besteak beste, Pol-pol-en ereserkia abestu dute, pleno aretoan zeuden herritarrek lagunduta.