Euskararen plan berrirako bergararren "parte hartze zuzena" eskatu dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko ots. 22a, 09:13

2018tik 2022ra arteko euskararen plan estrategikoaren oinarriak jartzeko herritarren "parte hartze zuzena ezinbestekoa" izango dela adierazi zuten atzo egindako agerraldian. Horretarako bi saio egingo dituzte, otsailaren 28an eta martxoaren 14an udaletxeko osoko bilkuren aretoan (18:30). Saio irekiak izan arren, aldez aurretik izena ematea komeni da: euskara@bergara.eus.

Plan estrategikoa "beste urrats nabarmen bat" moduan ulertzen du Elena Lete alkateak: "Horretarako, gure oraina eta etorkizuna zehaztuko duen bide-orri hori marrazteko, ezinbestekoa da udalerria osatzen duten herritar eta eragileekin batzartzea. Partaidetza sustatuz, herrirako, guztiondako, oinarriak eraikitzen jarraituko dugu".

Maiatzeko osoko bilkuran onartzeko asmoa

Bestalde, euskara zinegotzi Izaskun Labaienek otsailaren 28ko eta martxoaren 14ko saioetarako lagungarri den dokumentu bat herritarren eskura dagoela esan eta saio horien ostean emango diren pausoen berri eman zuen: "Bi saio horietan jasotako ekarpenak eta hausnarketak Euskara Batzordera eramango ditugu eta han alderdiek ekarpen gehiago egingo dizkiete. Hori osatuta, osoko bilkurara eramango dugu plana. Aurreikuspenen arabera, maiatzean onartu ahal izango litzateke Euskararen Plan Estrategiko berria".

Ezagutza %66, erabilera %42 inguru

Amaitzeko, euskara teknikari-buru Estepan Plazaolak gogora ekarri zuen Bergaran euskararen ezagutza maila %66koa dela eta euskaraz ez dakitenak %20ren bueltan dabiltzala, eta %15 inguruan dabiltzala euskaraz ulertu bai, baina hitz egiteko zailtasunak dituztenak. Kaleko erabilera, berriz, %42-45 inguruan dabil. "Azken urteetan kaleko erabilerak gora egin du; gaitasunean, berriz, beheranzko joera txiki bat dago". Ahuleziak detektatzen jarraitu gura dute eta datozen bi saioek horretarako ere balioko du: "Gure asmoa da gizarteko arlo guztietan hizkuntza ohituretan eragitea eta horretarako baliabideak erraztea. Detektatuko ditugu ahulezia handienak eta baloratuko ditugu orain arte jomugan izan ditugun arloak". 



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak