Sortuk eta Iratzar Fundazioak elkarlanean martxan jarritako Bergarako Eskola Herritarra zikloaren barruan atzo egin zen bigarren saioan, Alternatibako Oskar Matutek, EH Bilduko Miren Larrionek eta Sortuko Arkaitz Rodriguezek. Ezkerraren erronkak izan zituzte hizpide hirurek ere, baina gaiari ikuspegi ezberdin batetik aztertu zuen bakoitzak: Matutek, ezkerrak nazioartean duen egoeraz eta erronkez hitz egin zuen; Rodriguezek, Euskal Herrian dituen erronkez; eta Larrionek erakundeetan dituenez.
Behin bakoitzak bere aurkezpena egin ostean, Irizar jauregiko aretoa bete zuten bergararrek, taldeka, esandakoen inguruan hausnartu eta eztabaidatu zuten, ondoren galderak planteatzeko.
Erronka ugari
Hiru gonbidatuek beharrezkotzat, egokitzat eta interesgarritzat jo zuten Eskola Herritarra bezalako ekimen bat. Erronken inguruan galdetuta, Oskar Matuterentzat beharrezkoa da kontrabotere hegemoniko bat eraikitzea: "Alternatiba hegemoniko bat eraiki behar dugu, zeinak ahalbideratuko digun ez bakarrik ordezkaritza kota handiagoak eta hauteskunde zein erakunde eskala handiagoak lortzea, baizik eta baita eraldaketa maila handiagoak lortzea ere".
Arkaitz Rodriguezentzat, bestalde, ezkerrak mundu mailan duen erronka handiena da sinistaraztea alternatibarik izan badela eta alternatiba egin egiten dela: "Hau ez da, bakarren batzuek sinistarazi nahi duten bezala, istoriaren amaiera, are gutxiago gizateriaren eboluzioaren gailurra. Ikusi besterik ez dago zein ondorio dituen munduaren luze zabalean egun munduan nagusi den sistema kapitalistak".
"Udal mailan, edo maila instituzionalean, gure erronka nagusiena da boterea nola partekatu asmatzea, gauzak guztien artean egiteko bideak aurkitzea, lau pareten barruan geratu ez dadin", dio, bere aldetik, Miren Larrionek.
Hirugarren saioa, otsailaren 27an
Eskola Herritarraren antolatzaileak gustura agertu dira atzoko saioak izandako erantzunarekin, eta iragarri dute hurrengo saioan, parte-hartzaileek eurek proposatuta, liburu trukea egingo dutela. Datorren martitzenean, otsailaren 27an izango da hirugarren saio hori, eta bertan herriko alderdi, sindikatu eta eragileetako kideak izango dira hizlariak.