Hilzoriko Kristoa atzoko 20:00ak aldera irisi zen Bergarako San Pedro parrokiara. Kamioi batean eta kutxa handi batean sartuta iritsi zen. Kontu handiz atera zuen kutxa Sevillatik etorritako espezialista taldeak. Zabaldu eta poliki-poliki hasi ziren artelana kolpeetatik babesteko ipinitako babesgarriak kentzen: mantak, oihal zati sendoak eta plastikozko boladun estalkiak gehienbat.
Kapera ondoan desestali zuten Hilzoriko Kristoa eta bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten bertan elkartutako bergararrek. Gutxitan izaten da antzerako figurak hain gertutik ikusteko aukera, eta askok baliatu zuten aukera. Kolore argiagoa duela esan zuten batzuek, piezaren errealismoa nabarmendu zuten beste batzuek; izan ere, besoetako zein hanketako zainak ondo baino hobeto eginda ditu.
"Lan bikaina egin dute Sevillan", esan du kaperako zaharberritzaile Maite Fernandezek. "Gogo handia neukan egindako lanaren emaitza ikusteko, eta ederra da benetan. Hemendik joan zenean oso ilun zegoen pieza guztia eta ez ziren polikromiak antzematen".
Parrokian elkartutako bergararrak irtetera gonbidatu ostean hasi ziren espezialistak Hilzoriko Kristoa bere lekuan jartzeko lanekin. 260 kiloko artelana izanik ondo neurtu behar da mugimendu txikiena ere eta sor daitezkeen ustekabeei aurre egiteko prest egotea ezinbestekoa da. Ordubete pasatxoko lana izan zen, azkenean.
"Oso urduri egon naiz, baina bere lekuan da berriz ere Hilzoriko Kristoa eta oso pozik nago", esan zuen lanak amaitutakoan Jon Molina parrokoak. "Zaharberrituta itzuli da eta kaperan egindako lanek ere merezi izan dute. Erretaula, Amabirjinaren koadroa, burnizko itxitura... zaharberritu ditugu eta argiteria berria jarri dugu. Gure ustez Hilzoriko Kristoak merezi duen argiteria jarri dugu".
Pozik da Molina eta piezaren itzulera ospatzeko antolatu dituzten ekintzen berri eman da. Berezia izango da meza gaur, domeka. San Pedro parrokian esango dute 12:00etan eta Donostiako gotzain Jose Inazio Munillak gidatuko du. Martxo amaieran, berriz, Bergarako lau abesbatzak egindako kontzertua izango da parrokian.