'Mozkorra parregarri' operaren azken antzezpena Seminarixoan egingo da, martxoaren 3an

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko ots. 14a, 13:49

Peñafloridako Kondeak, Xabier Maria Munibek, sortu zuen Mozkorra parregarri obra 1764an. Historiako euskaraz idatzitako lehenengo opera izan zen, eta 2015ean, obra sortu zela 250 urte bete zirenean, Bergarako zenbait artistek, obra antzeztu zuten. Orain iragarri dute, azken emanaldia Seminarixoan egingo dutela. Berezia izango da, azkena izateaz gain, hainbat lotura daudelako obraren eta seminarioaren artean.

Mozkorra parregarri edo El borracho burlado opera komikoa 2015eko martxoan taularatu zuten zenbait artista bergararrek estreinakoz, obra hori sortu zela 250 pasa zirela ospatzeko. Ordutik ibilbide luzea egin dute bergararrek obra horrekin eta opera komikoaren azken emanaldia iragarri dute orain: Bergarako Seminarixoa auditorioan izango da, martxoaren 3an.

Peñafloridako Kondeak, Xabier Maria Munibek, sortu zuen obra 1764an. Historiako euskaraz idatzitako lehenengo opera izan zen Mozkorra parregarri eta emanaldi berezia izango da Seminarixoan egingo dutena, azkena izateaz gain, Peñafloridak sortu zuelako Herri Lagunen Elkartea eta erakunde horren eginkizun garrantzitsuena izan zen hain justu ere, Bergarako seminarioa sortzea. Horrez gain, beste hainbat lotura ere badaude Mozkorra parregarri obraren eta seminarioaren artean, halaxe azaldu du operako zuzendari eszeniko Valen Moñuxek: "1764ko El borracho burlado-ren estreinaldiko antzezleen zenbait izen ezagutzen ditugu; Xabier Maria Munibe izan zen horietako bat, baita haren alaba Maria Josefa eta Ignacia ere. Ramon eta Antonio semeek ere oso gaztetxo zirela hartu zuten parte zapatari aprendiz bezala. Aipatu behar da gainera, Ramon izan zela seminarioan matrikulatutako lehenengo ikaslea. Beste pertsonaia bat ere, Felix Maria de Samaniego, Guardiako fabulagilea, Muniberen iloba zen eta seminarioko lehenengotariko irakaslea izan zen".

Horrek guztiak, bukaera borobila emango dio aurretik hainbat tokitan egin duten obrari. Izan ere, leku garrantzitsu ugaritan antzeztu dutela gaineratu du Moñuxek: "Munibe jaio zen tokian izan ginen, Azkoitiako Intxausti jauregian; lurperatuta dagoen tokian ere egonda gaude, Markina-Xemeingo elizan; hark lan egin zuen hainbat tokitan ere bai, Bergarako Udalean estreinatu genuen, esaterako, eta Gipuzkoako Foru Aldundian ere antzezten izan ginen; Madrilen ere izan ginen, Munibe ere izan baitzen Gorteetan diputatua...".

Eta martxoaren 3an, 19:00etan izango da Seminarixoan eskainiko duten antzezpena. "Haren bizitzaren puntu nagusietan egon eta gero, duda barik, haren obra garrantzitsuena izan zen seminarioan antzeztea, aukera ezin hobea da haren opera agurtzeko", gaineratu du Moñuxek.

Sarrerak dagoeneko salgai daude; eguenetan Seminarixoko leihatilan eros daitezke, edo bestela, internet bitartez ere eskura daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak