Iritsi da herritar askok gogotsu itxaroten duten hitzordua: Aratuste kontzertu eguna. Aurten 30 urte beteko dira kontzertua eskaintzen hasi zirenetik, eta modu berezian ospatu nahi dute urtemuga. Ai amatxo 3.0 ikuskizuna eskainiko dute, 2012an eskaini zuten Ai amatxo-ren bertsio luzeago bat. "Badirudi atzo izan zela, eta dagoeneko 30 urte pasa dira", dio Alfredo Gonzalez Chirlaque zuzendariak.
Kontzertuaren eboluzioa
"Hasiera batean, Musika Bandak bakarrik eskaintzen zuen kontzertua; ondoren, orkestrarekin hasi ginen; orain dela 14 urte, Javi Burgos hasi zen eszenografia zuzentzen; eta azkeneko urteetan, Manu Diazek gidoia egin izan du", gaineratu du Gonzalez Chirlaquek. Hain zuzen, 1989ko Aratuste-domekan egin zuten lehenengo kontzertua, udaletxeko osoko bilkuren aretoan; hurrengo urtean, Novedades antzokian eskaini zuten kontzertua; eta 1994an, Munizipalean egiten hasi ziren, baina domekan izan beharrean, barikura pasa zuten hitzordua. 2010ean musikalen egitura hartu zuen, eta ikuskizunean antzezteari ere garrantzia eman zitzaion.
Familia guztiari zuzendua
Musika Bandako zuzendariaren esanetan, erabaki dute Ai amatxo errepikatzea "ikusle guztiei zuzendutako musikala delako, bai umeendako eta baita nagusiendako ere, eta bere garaian filmak arrakasta izan zuelako".2012ko ikuskizuna baino luzeagoa eta osoagoa izango da aurtengoa: "Ai amatxo filmean oinarrituta dago gidoia, baina saiatu gara gurera ekartzen; hau da, Euskal Herriko landetxe batean girotuta dago ikuskizuna", azaldu du Manu Diazek, gidoigileak. Erronka zein izan den galdetuta, Diazek dio filmak zinemetan izan zuen arrakasta ikusita saiatu dela kalitate hori ez galtzen; eta, bestalde, erronka izan dela istorioa gurera ekartzea. Eszena berri batzuk sartu ditu, komedia girokoak eta erromantikoak. "Esan daiteke lifting bat egin diogula 2012koari, eta egokitu egin dugula", dio. Bi ordu inguru iraungo du ikuskizunak. Lehenengo, 15 minutuko kontzertua eskainiko du Musika Bandak. Ross Roy obertura –Jacob de Haan– eta Manhattan Skyline –David Shire– obrak eskainiko dituzte. Ondoren, orkestrarekin eta Aritzeta abesbatzarekin eta aktore eta dantzariekin musikala eskainiko dute. Hamabost pieza.
150 lagunetik gora
Aktore lanetan eta abesten 35 bat lagun ibiliko dira. Javi Burgos izan da guztion zuzendaria: "Denbora laburra izaten dugu entseatzeko, nork bere lana izaten du-eta hemendik kanpo". Maria Izaga, Ainara Ortega eta Joana Ortega izango dira abeslari nagusiak. Horiez gain, Aritzeta abesbatza ere ibiliko da kantuan, eta dantzan Debako Kulunka dantza taldekoak ibiliko dira. Burgosek dio zortea duela prestutasun handiko jendea eta jende jatorra dagoelako taldean, eta esandako guztia egiten dutelako. "Zailena izan da inoiz horrelakorik egin ez dutenekin lan egitea, baina izan duten garapena ikusita oso pozik nago", gaineratu du. Musikariak 110 lagun inguru izango dira.
30 urte horietan anekdota asko bizi izan dituztela dio Gonzalez Chirlaquek: “Norbaitek kable bat zapaldu eta soinua itzaltzea; bafleak botatzea; eta errepideak zurituta egonda musikariak ezin iristea. Denetik izan dugu”.
Belaunaldi aldaketa
Aurtengo emanaldiarekin agur esan nahi dute hiru zuzendariek: “Lanean jarraituko dugu, baina lehenengo ilaran izan beharrean, atzean, laguntzen. Trantsizio bat izango da eta guk alde batera emango dugu pasoa”, azaldu du Diazek. Hau da, belaunaldi aldaketa izango du Aratuste kontzertuak. Azaldu dute hainbat gazte daudela taldearen gidaritza hartzeko indarrarekin eta gogoarekin. Gonzalez Chirlaquek ere Bandako zuzendaritza uzteko asmoa du, baina 2019ko Aratusteetan oraindik zuzendari lanetan ibiliko da. Hortaz, gazteen laguntza izango du Gonzalez Chirlaquek kontzertuari forma emateko, eta Burgos eta Diaz ondoan izango ditu, laguntzen.