Bergarako Eskola Herritarra aurkeztu dute

Eneko Azurmendi 2018ko urt. 31a, 10:24

Sortu eta Iratzar Fundazioaren elkarlanaren ondorioz sortutako egitasmoa da Bergarako Eskola Herritarra. Hiru hitzaldiz osatutako ziklo bat izango da, otsailean zehar egingo dutena, eta herri jakintza sustatzea izango da helburu nagusia.

"Helburua da eguneroko lanerako formakuntza bat eskaintzea, Bergarako ezkertiar, feminista, euskaltzale, abertzale, ekologista eta independentista guztiei. Formazioa eman eta jaso egingo da eskola honetan. Hizlariak egongo dira, baina herritarrek ere euren esperientziak partekatu ahal izango dituzte", azaldu du Maren Belastegik, antolakuntzako kideak.

Azpimarratu du autoformakuntza garrantzitsua dela herri mugimenduetan lanean dihardutenentzat, egunerokoa aurrera eramateko. Hori dela eta, herrian aktibo diren pertsona eta kolektiboen topalekua izan gura du eskola herritar honek, Bergararen ideia eta proiektuak ezagutzeko lekua.

Munduak gaur egun bizi duen krisiari aurre egiteko ezkerrak alternatiba baduela uste dute eskola herritarraren sortzaileek, eta izaera asanbleario, parte-hartzaile eta burujabe bat sustatuz egin gura dute hori. "Ezkerreko mugimendu, alderdi, eta sindikatu ezberdinen iritziak jaso nahi ditugu. Ez dugu dogma bat sortu nahi, baizik eta jende guztia elkartu, adituek esaten dutena entzun, eta parte hartzen dugun kide guztiei hitza ematen saiatuko gara, modu pedagogiko batean", adierazi du Ibai Redondok, eskola herritarreko kideak.

Lehen zikloa, proba pilotu modura

Lehen ziklo honetan ezkerraren erronkak izango dituzte hizpide, bai Euskal Herri mailan, baita Bergara mailan ere. Proba pilotu moduan hartuko dute, eta izaten duen harreraren arabera, aurrera begira gai ezberdinak jorratzeko beste hainbat ziklo antolatzeko aukera ere ikusten dute. Beraz, herritar guztiak animatu dituzte saioetan parte hartzera. "Herritar guztiak animatu nahi ditugu etortzera. Ahal izan ezkero hiru saioetara, eta batera bakarrik etorri nahi izan ezkero ere, ateak zabalik ditugu. Lehen ziklo bat da hau, eta jendearen nahi eta beharraren arabera, ziklo gehiago edo gutxiago antolatuko ditugu, eta gaiak ere, guztion artean adostuko ditugu", nabarmendu du Redondok.

Hiru hitzaldi

Guztira hiru hitzaldi egongo dira lehen ziklo honetan. Guztiak Irizar jauregian izango dira, 19:00etan, otsailaren 6an, 20an eta 27an.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak