Berdintasunerako kontseilua osatzea izango du helburu berdintasun teknikariak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2018ko urt. 24a, 13:04

Gaur aurkeztu dute Bergarako Udaleko berdintasun teknikaria: Ilargi Etxebarria. Udalaren asmoa da bai Udalean eta baita herrian ere berdintasuna indartzea. Horretarako, zeregin horretan jardungo duen teknikaria izatea garrantzitsutzat jo dute. Etxebarriak "ilusioz" hartu du lana, eta ateak zabalik dituela herritarrendako gaineratu du.

Maite Agirre zinegotziak eta Berdintasun teknikari izango den Ilargi Etxebarriak aurkeztu dute Udalak arlo horretan dituen erronkak.

Helburua emakumea ahalduntzea

Berdintasunaren bigarren planaren elaborazioa bukatzea eta partekatzea izango da erronketako bat. "Prozedura sakona dabil izaten", azaldu du Etxebarriak, "eta parte-hartzailea". Ondorioak maiatzerako izango dituztela gaineratu du. Erronka nagusia berdintasunerako kontseilua osatzea izango da: "Espazio horrek balio du herriko emakumeen beharrak eta ekarpenak jasotzeko, eta Udalaren lana gainbegiratzeko eta jasotzeko", esan du Etxebarriak. Helburua "emakumeak ahalduntzea" izango dela gaineratu du teknikari berriak, eta "organo kontsultiboa" izango dela.

Herritarrei arreta zerbitzua

Lan horiek egiteaz gain, Etxebarriak azaldu du ateak zabalik dituela herritarrendako: "Udaletxeko Ganbaran izango naiz eguazten eta eguenetan, 9:00etatik 14:00etara, eta barikutan 9:00etatik 13:00etara. Ateak zabalik ditut edozein proposamenetarako".

Teknikariaren eginbeharra izango da Udalean eta herrian berdintasunaren inguruko kontzientzia eta orientazioa lantzea, eta genero perspektiba herriko politikan bermatzea.

Etxebarriak esan du egun hauetan martxoaren 8ko egitaraua prestatzen dihardutela. Aurrerago emango dute horren berri.

Berdintasuna indartzea

Maite Agirre zinegotziak azaldu du teknikari berriarekin aurrerapauso garrantzitsuak emango dituztela arlo horretan. Horrez gain, jauzi kualitatiboa bat eman dela gaineratu du: "Laster izango ditugu Daiteke enpresari enkargatutako bigarren berdintasun planaren ondorioak. Horiek Udaleko teknikari guztiekin eta Martxanterak-ekin prozesu parte-hartzailean martxan jarriko ditugu –Emakunderekin kontrastatuta". Horren ardura Etxebarriak izango duela gaineratu du.

Aurrekariak

Agirrek azaldu du berdintasun teknikari postua orain sortu dutela, baina aurretik funtzio hori egiten zuen langile bat izan zuela Udalak. "2009an Emakume eta Gizonen berdintasun diagnostikoa egin zen, eta ondoren, 2010ean Lehenengo Berdintasun plana onartu zen, eta plana garatzeko udal-langile baten jardun zati bat horretara bideratu zen", azaldu du. 2014ra arte luzatu zen planak balio izan zuen "Udalean bertan berdintasunerako oinarriak ezartzeko eta lan ildoak zehazteko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak